«Lehen mailan egoteko taldea badu Hernanik, baina igoera fasea ‘kara-kruz’ bat izaten da»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 4a, 02:00

EHU-Hernanik igoera fasea jokatuko du gaur, bihar eta etzi Vigon, Estatuko iparraldeko 6 talde onenekin batean, Euskal Ligako txapeldun gelditu ondorenean. Guztiek helburu bat izango dute, Lehen mailara igotzeko aukera emango dien txartela lortzea. Lauri Matias entrenatzaileak aukerak ikusten dizkio taldeari.

Zein helburu daramakizue Vigora?
Gure helburua irabaztea izango da, baina hori oso zaila da. Guk gure jokoa egin behar dugu eta dena eman eta ondo irteten bada aurrera: kara-kruz moduko bat da, dena asteburu batean jokatzen baitugu eta ez baititugu gainera taldeak ezagutzen. Hala ere, Hernanik badu lehen mailan jokatzeko taldea.

Non egon daiteke irabaztearen giltza?
Lehen partiduak garrantzia haundia izango du, ea zer aldartetan hasten duten gure mutilek. Bigarren partidua zailagoa izan liteke, etxekoen kontra jokatuko baitugu, baina, lehenengoak garrantzia haundia du animikoki. Aurreko urte batean ere Hernaniri gertatu zitzaion: igoera fasean 3garren egin genuen eta galdu genuen partidu bakarra aurrenekoa izan zen, azkena geratuko zen taldearen aurka. Igoera fase honetan kosk egitera atera behar da partidu guztietan, lehoiak bezala, talde guztiak baitira maila altukoak eta ezin zara despistatu. Hernaniko taldeko ia jokalari guztiek lehen ere jokatu dute igoera fasea eta badakite zer den, han zer aurkituko dugun, alde horretatik abantaila badugu. Taldea oso ilusionatua dago igoera fasera sailkatuta, denboraldi hasierako helburua bete baitugu.

Mailaz igotzea lortu arren, interesatzen zaio Hernaniri lehen mailan jokatzea?
Gero ikusi beharko da jendeak zer nahi duen. Arazoa da bidaia luzeak egin behar direla lehen mailan eta aurrera zer helburu geratzen zaizu, mailari eustea? baliteke lehen mailara igo eta sakrifizio horrekin hiru jokalari garrantzitsuk esatea utzi egingo dutela. Horien ordez hiru gaztetxo jarrita ezin da lehen mailan jokatu. Eta klubak baliabide urriak baditu arazoa zaildu egiten da gainera, diru asko behar baita eta laguntzak oso txikiak baitira. Lehen pausoa plaza lortzea izango da, eta lortuz gero, ikusiko dugu hartu edo saldu.

Taldea osorik daramakizu?
Bat edo bat gelditu da, baina kabaileria indartsuena osorik dijoa. Bat edo beste erdi ukitua egon da, baina osatu dira. Gainera igoera fase horretan ez dizu ezerk min egiten, guztiek nahi dute jokatu, eta guztiek jokatuko dute.

Eta kabaileria horretan zein izango da Hernaniren arma nagusia?
Erasoa. Defendatzeko Alai daukagu -esaten du parrez-, gainerako guztiak erasoan pentsatzen dute. Egia esan, eraso oso indartsua daukagu, baina horretarako baloiak hartu eta jarri egin behar dira.

 

EHU HERNANI

  • 1 Fermin Almandoz
  • 2 Josu Egaña
  • 5 Iñigo Martin
  • 6 Adel Achtot
  • 7 Diego Giron
  • 8 Ruben Gonzalez
  • 9 Tai-Yang Alvarez
  • 10 Iñigo Aizpurua
  • 11 Borja Martin
  • 13 Jon Arca
  • 15 Alai Zubimendi
    Entrenatzailea: Lauri Matias

PARTIDUAK

  • Gaur 12:30etan
    Hernani-Miguel de Cervantes
  • Gaur 20:30etan
    Hernani-Vigo
  • Bihar, Hernaniren taldeko lehena beste taldeko bigarrenaren aurka eta bigarrena lehenaren aurka.
  •  Igandean, 12:00etan finala
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!