Zer da bertsoa bertso egiten duena?
Mezuak, mezua adierazteko moduak, doinuak, ahotsak... osagarri asko ditu bertsoak, horregatik da hain gauza ederra eta zaila bertsolaritza.
Euskal literatura ulertu al liteke bertsolaritzarik gabe?
Ez, gure literatura ezin liteke osorik konprenitu bertsoa gabe, literaturak asko zor dio bertsolaritzari: Arestik ez zukeen bere obra poetikoaren erdia egin ahal izango bertsoa aldean eduki izan ez balu, esaterako. Aresti ari naiz esaten, XX. mendeko poeta inportanteena.
Zer ekarpen egin dio bertsolaritzak literaturari?
Alde batetik, forma liriko landu bat, kopla zaharra esan genezakeena, Japoniako Haiku ospetsuen antzekoa nolabait; bestetik, herriaren beraren ahotsa, akademizismoetatik eta agindu politikoetatik urrundua, independentea, kontra-kulturala esan genezakeena, underground modukoa, eta ironiaren eskola..
Nola ikusten duzu gaur egungo bertsolaritza?
Bertsolaritza gorputz bizia da, atal asko ditu eta atertu gabeko bilakaeran dabil. Urruntasun pixka bat hartu behar genuke gaur bertan gertatzen ari dena zehatz aztertzeko, baina batzuetan gerraurreko bertsolaritzaren antza hartzen diot, mugimendu libre izatetik ez ote den jardun instituzionala bihurtzen ari, edo horren arriskua ez ote daukan.
Gaur emango duzun hitzaldia zeini dago zuzendua?
Euskaraz gozatzen dakiten guztiei, bertsozaleak izan edo ez. Bertsolaritzaren ikonoak aztertuaz, Euskal Herrian barrena bidaia moduko bat egingo duzu. Latxen dagoen Txirritaren bustoaren inguruan ere ba omen da zer kontatua... Txirrita beti da, solasgaia ez ezik, gogoetarako aitzakia ere. Hona hemen zure galdera entzunda etorri zaidana: Otañoren bustoa Zizurkilgo plazan dago, ez bere jaiotetxean, Basarrirena Zarautz erdian, ez Granada errekako zokoan, Lasarteren bustoa Leitza erdian dago, ez bera sortu zen baserrian... zer gertatu zaio Hernaniri, zer Ereinotzuri, zer Errenteriari, zer Altzari, Txirrita plazaren erdian eduki beharrean jaiotetxea zegoen zokoan edukitzeko?
Ezin galdetu gabe utzi: Espainiako Kritikaren Saria eman nahi izan dizute, euskarazko poesian, ‘Rimmel’ poema bildumarekin, eta uko egin diozu. Euskadi Sariekin ere izan da saltsa. Gai honen inguruan nahiko polemika sortu da. Zer iritzi duzu sari hauei buruz? Eta sariei buruz orokorrean?
Nahiago ditut Xalbadorrek hartu zituen txistuak, zenbaiten sariak baino.
Zer proiektutan zabiltza lanean momentu honetan?
Proiektuak teorikoen kontuak dira, arkitektuak, ingenariak... jende hori da proiektuak egiten dituena, bestek egin ditzan. Idazleok, bertsolariak bezala, aldi berean gara arkitekto eta igeltsero: ideia landu, eskua erraietan sartu, hitza atera eta forma ematen diogu. Eta askotan gertatzen da hitzak berak bideratzea ideia. Puntuka bezala jarduten dugu.