URTERO bezala bazkide eta lagunei zuzendutako ospakizuna antolatu zuen atzo Goiz Eguzki zentro sozialak. Aurten ere bazkideek ederki erantzun zuten, eraikina jendez gainezka baitzegoen. Goizeko 11:00etan hildako bazkideen aldeko mezaren ondoren, udaberriko karta txapelketetako sariak banatu zituzten. Musean txapeldunak, Martin Atxaga eta Pedro Moza izan dira eta bigarren, Lucas Yuste eta Florian Martin. Tutean aurreneko gelditu dira Daniel Carrera eta Basilio Barrado; eta bigarren Hipolito Prieto eta Manolo Morato izan dira. Eskoban, Pablo Cava eta Clementino Barok eraman dute txapela, eta txapeldunorde Gabriel Asensio eta Sabino Mateos izan dira. Punttuan Tomas Huizi eta Eugenio Urruzolak irabazi dute eta bigarren Sebastian Eguilegor eta Ramon Ormaetxea izan dira. Sariak banatu ondoren mokadu bat hartu zuten elkartutako guztiek.
Datozen irteerak
Goiz Eguzki zentroko kideak Sorian izan dira duela gutxi eta aurrera begira bi irteera antolatu dituzte. Maiatzaren 19an Amurriora joango dira, txakolin bodegak bisitatu eta jatetxe batean bazkalduko dute. Gasteizen geldialdia ere egingo dute. Irteeraren kostua 30 eurokoa da. Izen ematea zabalik dago eta aurreneko 55 pertsonek plaza segurua izango dute. Zozketa maiatzaren 7an egingo dute. Ekainaren 9 eta 10ean Calatayud inguruko harrizko monasterioa bisitatuko dute, baita Zaragoza ere. Hotel batean egingo dute lo eta gosari, bazkari eta afariak lotuta dituzte. Prezioa 115 euroko da.