TXISTULARI Jaialdia izango da ostiraletik igandera, aurten hirugarrena. Txalapartak, euskal dantzek, saxofoiak eta bertsoek beren jardunaldiak badituzte herrian duela urte batzuetatik; eta txistuak ere merezi duela eta, duela hiru urte hasi ziren jardunaldiak antolatzen Musika Eskola Publikoa, Udal Txistulari Taldea eta Euskal Herriko Txistularien Elkartea.
‘Birtuosismoa’ eta musika herrikoia, bat ostiralean
Musika Eskola Publikoko Iñaki Egurenek azaldukoaren arabera, aurten egun bat gehiago erantsi diote jaialdiari, izan ere aurreko urteetan txistularien txapelketak protagonismo haundia hartu zuen eta aurten jaialdia zabalagoa izatea eta ekitaldi ezberdinek garrantzia izatea nahi lukete. Ostiraleko kontzertuan Garikoitz Mendizabal, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko lehendakaria eta Euskal Herriko txistulari txapelketako txapeldun izandakoa entzun ahal izango da. Harekin batera Aitor Furundarena akordeoi-jole ezaguna izango da. Egurenek azaldutakoaren arabera, ´birtuosismoa eta musika herrikoia` biak bat izango dira kontzertu honetan. Kontzertua arratsaldeko 19:30etan izango da, Sandiusterrin.
Larunbatean txapelketa
Larunbatean txistulari gazteen txapelketa izango da, goiz eta arratsalde Sandiusterrin. Urtetik urtera gero eta txistulari gehiago ari dira parte hartzen txapelketa honetan. Iaz 25 bakarlari eta 8 talde aurkeztu ziren, aurten aldiz, 34 bakarlarik eta 5 taldek hartuko dute parte. Jatorriari begiratuta, aurten Gipuzkoa eta Bizkaia aldeko txistulari gazteak izango dira, gehien bat, txapelketan parte hartuko dutenak. Igandean topaketa Igandean, kalea girotuko dute Euskal Herriko toki ezberdinetako txistulariek, diana, dantzaldia eta kalejira izango baitira herriko kaleetan.
Egitaraua
Maiatzak 4, ostirala
19:30: Garikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarenaren eskutik, txistu eta akordeoi kontzertua. Sandiusterrin.
Maiatzak 5, larunbata
III TXISTULARI
GAZTEEN TXAPELKETA
Sandiusterrin
10:30: Elkartzea eta zozketa.
11:30: 12 urte arteko
txistulariak ariko dira.
12:00: Taldeak ariko dira.
13:30: Bazkaria, Xalapartan.
16:30: Zozketa.
17:00: 13 eta 16 urte arteko
txistulariak ariko dira.
18:45: Sari banaketa.
Maiatzak 6, igandea
TXISTULARIEN TOPAKETA
09:45: Elkartzea, arkupeetan.
10:00: Diana Kaxkoan eta
inguruko auzoetan.
11:00: Hamaiketakoa
Elur Txorin.
12:30: Dantzaldia Plaza Berrin.
14:00: Herri Bazkaria, Santa
Barbara elkartean.
18:30: Kalejira eta dantza
soinuak herriko kaleetan.