Buruntzaldeko Udalak eta sindikatuak enpresetan euskera bultzatzeko elkarlanean

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 1a, 02:00

Hernani, Lasarte, Urnieta, Astigarraga, Andoain eta Usurbilgo udalek eta LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek sinatu zuten hitzarmena joan den ostiralean Lasarten. Buruntzaldeko enpresetan euskera planak onetsi eta garatzeko konpromisoa hartu dute.

Buruntzaldeko udalek eta sindikatuek enpresetan euskeraren erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu zuten joan den ostiralean Lasarteko kultur etxean. Hitzarmena sinatu zuten Hernani, Andoain, Lasarte, Usurbil, Astigarraga eta Urnietako udalek eta LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek. Hitzarmenaren helburu nagusia da Buruntzaldeko enpresetan euskeraren erabilera bultzatzeko egitasmoak sortzea, eta horretarako, sinatzaileen arteko harremanak arautzea. Udalak eta sindikatuak euskeraren erabileraren aldeko planak sortzeko konpromisoa hartu dute eta enpresetan jarraipena egingo zaie hauei Jarraipen Batzordearen bitartez: ´euskera planen bidez, enpresei bere hizkuntza politika eguneratzen lagundu nahi diegu, EAEn ofizialak diren hizkuntzen erabilera orekatzen` adierazi dute prentsa oharrean. 2002ko martxoaren 14an adostu zuten Buruntzaldeko udalek beren herrietako enpresetan euskeraren erabilpena indartzea eta 2005ean ekin zioten euskera planak sustatzeari. Gaur egun 10 dira, tartean Hernaniko Hator eta Selak enpresak, euskeraren erabilera planak dituzten enpresak.

Egitasmoak eta jarraipena

Sinatutako akordioan, udalek eta sindikatuek hainbat konpromiso hartu dituzte. Horien artean, ikasturtero egitasmo bat prestatuko dute ekainaren 30erako, eta horri jarraipena egiteko, Jarraipen Batzordea sortu dute bi udaletako ordezkari tekniko eta politikoekin eta sindikatuetako ordezkariekin. Batzordean parte hartu ahal izango dute enpresetako eta Lanbide Heziketa Ikastetxeko arduradunek, hizkuntza normalizatzeko lanean diharduten enpresa aholkulariek, eta orohar, Batzordeko kideek ontzat jotzen duten edozeinek. Udalen eta sindikatuen zeregina izango da egitasmoak dinamizatzea. Horrez gain, udalek bere gain hartuko dute diruzko baliabideak jartzea eta koordinazio lanak egitea, eta sindikatuek, berriz, enpresetako langileen ordezkari sindikalen artean erabilera planak onets daitezen sustatzea. Hitzarmenak 2008ko azken egunera arte iraungo du eta epe hori urteka luzatuko da, hitzarmena sinatutako erakunderen batek hura denuntziatu ezean (berritu baina bi hilabete lehenago). Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarritako Lan-Hitz egitasmoarekin koordinatuko da.

Enpresetan euskera erabiltzeko hitzarmena

-Helburua: Enpresetan euskera gehiago erabiltzeko egitasmoak bideratzea, eta horretarako Udalen eta sindikatuen arteko harremana arautzea.

-Ikasturtero egitasmo bat prestatuko da ekainaren 30a baino lehen. -Egitasmoak gauzatu eta jarraipena egiteko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, bi udaletako eta sindikatuetako ordezkariekin.

-Programa hau Eusko Jaurlaritzako ‘Lan-Hitz’ egitasmoarekin koordinatuko da.

-Hitzarmenak 2008 urteko azken egunera arte iraungo du eta urtero berritu ahal izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!