Udaltzaingoak aste guztia daramaki Agustindarren plazako egoitza berrian lanean. Ostegunean izan zen, ordea, inaugurazio ofiziala, eta Teo Zuloaga udaltzain buruak egoitza berria erakutsi zien Udaleko politikariei eta komunikabideei. Udaltzaingoaren egoitza berria Agustindarren plazako 6 zenbakian dago, lehen solairuan. Oraindik ikurra atean jarri ez badute ere, datozen egunetarako jartzea espero dute, herritarrek erraz aurkitu dezaten. Egoitza hau aukeratzeko arrazoi nagusia kokaleku honek duen komunikazio ona izan da, ezinbestekoa udaltzainentzat eta erosoagoa herritarrentzat. Udaltzaingotik jakinarazi nahi izan dute, egoitza berriaz gain, telefono eta fax zenbaki berriak dituztela: 943-248900 eta 943-248901, hurrenez hurren.
180 m2-ko egoitza modernoa
Egoitza berriak 180 m2 ditu eta sailak ondo bereizteko ez dute arazorik izan. Sarreran, harrera gela eta bide heziketako bulegoa jarri dute; ondoan, salaketa gela; gero jangela, aldagelak eta komunak (udaltzainentzat eta herritarrentzat); eta bukaeran, Zuloaga eta Ramirez arduradunen bulegoak. Horrez gain, azpimarratu dute garaje zabal bat ere izango dutela, 6 autorentzako, eta erabiltzen duten material guztia egoki gorde ahal izateko Udaltzain buruak egin zuen egoitzaren aurkezpena eta pozik azaldu zen instalazio berriekin: ´Lehen, udaletxean, arazoak genituen behar bezalako zerbitzua eskaintzeko, leku txikia genuelako`. Egoitza berriarekin batera, Zuloagak jakinarazi du udaltzainek PD tresna batzuk estreinatuko dituztela laister: ´eskuzko ordenagailu antzeko batzuk dira eta inpresora bat ere badaramakite. Asko erraztuko digute lana: ulergarritasun eta denbora aldetik (aktak eta multak egiteko), estadistika egiterako orduan, memoria eta digitalizazioa...` Katalunian oso erabiliak omen dira, eta Euskal Herrian lehenengoetako herria izango da Hernani hauek erabiltzen.
Arratibel: ´Beharrezkoa zen egoitza berri bat`
Iñaki Arratibel Hirigintza zinegotziak adierazi nahi izan zuen Udaltzaingoak beharrezkoa zuela egoitza berri bat, ´aurrekoa egoera kaxkarrean zegoelako`. Horrez gain, azpimarratu zuen Udalak Udaltzaingoa indartzearen alde egindako apustua eta epe motzean auto bat eta bi moto berri erosiko dituztela iragarri zuen. Berrikuntza hauek helburu bakarra dutela esan zuen: ´Udaltzaingoak zerbitzu hobea ematea herritarrei`. Ondoren, Antxon Costa Udaltzaingo zinegotzi arduradunak adierazi zuen, Udaltzaingoaren irudi berriarekin bilatzen dutela ´herrian zabalduta` dagoen pentsa-kera aldatzea, ´Udaltzainak multak jartzeko bakarrik daudela`, alegia eta Udaltzaingoa herritarrarengana hurbildu nahi dutela.
Teo Zuloaga - Udaltzain burua:
«Multetan flexibilitatez jokatzen saiatzen gara, ez dugu legea estu aplikatzen»
Zergatik egoitza aldaketa?
Batipat, Udaletxe azpian zoko guztietan geundelako eta instalakuntzak traketsak zirelako: aldagela txikiak, sukalde txikia... Bestalde, herritarrei begira, pribazitate gutxi zegoen; bata salaketa jartzen, bestea ondoan zertifikatua egiten... Ez zen egoera egokiena.
Egoitza honen aldeko apustua egin zen herrigunean dagoelako eta urgentzietarako kokagune ezin hobea delako.
Egoitza aldaketarekin beste zerbait aldatu al da? Zerbitzuak, ordutegiak?
Udaltzaingoak orain arteko zerbitzu berberak eskainiko ditu, baina baldintza hobeagotan. Ordutegia ere berbera da: 24 ordu.
Zenbateko plantila daukazue orain?
Kaleko eskaera gero eta haundiagoa da eta taldea haunditzen ari gara gu ere. Orain lau udaltzaineko bost talde dauzkagu eta beste bi ari dira bide heziketan. Txotx denboraldian sei laguneko errefortzua izan dugu.
Nola ikusten duzu txotx denboraldiaren gaia? Ze irtenbide izan dezake?
Azken txotx komisioan adostu dugu idatzi bat eta ez dugu giroa gehiago nahastu nahi, prentsan gehiegi azaldu baikara. Uste dut txotx denboraldiak eta igandero Hernanira etortzen den jende kopuruak sortzen duen egoerak estudio sakonak behar dituztela.
Ze gaiek sortzen dizuete buruhauste gehien herrian?
Asteburuetako jende multzoak, eta trafikoak eta herritarren aparkaleku falta sentsazioak. Trafikoari dagokionez, Hernanik jasaten zuen ´pasozko` trafikoa gutxitzea lortu dugu.
Multak dira herritarren keja nagusien iturri. Ordenantza berriarekin zerbait aldatu da?
Bai, jende asko ari da etortzen. Ordenantza berriari esker, isun arinetan %90eko deskontua egiten dugu. Horren helburua da herritarrek ikustea gaizki egiten dutela eta betetzen da; ez da ohikoa lagun berbera birritan etortzea. Nahiz eta askok bestela pentsatu, multen helburua ez da dirua biltzea.
Multei dagokionez, flexibilitatez jokatzen saiatzen gara. Ez dugu legea estu aplikatzen, egoera kontuan hartzen dugu eta horrela jarraitu behar dugula uste dut. Hala ere, uste dut multa gehiago jarri behar direla.
Zein kasutan jo behar du herritarrak Udaltzaingora?
Herrian gertatzen den edozer salaketa edo abisu emateko jo dezake herritarrak udaltzaingora. 112 telefonora deituz gero ere, askotan guri deitzen digute. Kasu bakoitza ahal den ondoen eta azkarren konpontze aldera, Ertzaintzarekin ere elkarlanean aritzen gara.
Garabiaren gaia nola dago?
Oraindik ez diogu erabilpen haundirik eman. Hiru udaltzainek bakarrik daukate garabia gidatzeko behar den E baimena. Laister beste bik aterako dute eta horrela turno guztiak beteko genituzke; horrez gain, seigarren batek ateratzea nahi dugu, ordezkapenetarako. Aurrerantzean, garabia gehiago erabiltzeko asmoa dugu, batez ere, zama lanetarako eta elbarrientzako lekuetatik autoak kentzeko.