Askatasun Garraxiak izenarekin diskoa kaleratu dute herriko sei musika taldek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. The Zepo, Nazka, Suburbio, Mercenarios, Afonia eta Orreaga 778 taldeen bina abesti entzun daitezke presoen eskubideen aldeko disko honetan. Diskoa salgai dago dagoeneko herriko tabernetan, 8 euroan, eta atzo emandako prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, biltzen den dirua dispertsioak presoen senideei suposatzen dien diru gastuan laguntzeko erabiliko da.
Jaialdia maiatzaren 12an
Maitzaren 12an Elkartasun Eguna antolatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta bertan izango den kontzertuan, The Zepo, Nazka eta Orreaga 778 taldeak entzun ahal izango dira zuzenean. Horrez gain, kale animazioa, herri krosa, bertso bazkaria, pelota desafiyua, eta manifestazioa ere izango dira.
Presoen eskubideen alde
Prentsaurrekoan euskal presoen egoeraren berri eman zuten. Esan zuten presoen egoera gero eta larriagoa dela, ´eskubide zibil eta politiko gehienak zanpatuak izaten dira, honen helburua presoen eta senide eta lagunen sufrimenduaz baliatuz egoera politikoa baldintzatzea da`. Eskubide zapalketa horien artean aipatu dituzte, ´gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan mantentzea, kondena betea duten presoei askatasuna ukatzea edo euskal preso politikoak Espainia eta Frantziako kartzelatan etxetik milaka kilometrotara egotea`. Dispertsioak presoei eragiteaz gain, familia eta lagunei ere eragiten diela azaldu zuten, ´milaka kilometro egin behar dituzte astero, eta horrek dakarren istripu arriskuez gain, gastu ekonomikoa suposatzen du`. Diskoaren bidez gastu ekonomiko horri aurre egiten lagundu nahi dutela adierazi zuten, eta ´aurrera begirako ekimen berrien pizgarri` ere izatea nahi lukete. Herriko beste talde eta elkarte desberdinei gonbidapena ere luzatu zieten prentsaurrekoan, ´euskal preso politikoen eskubideen defentsan lan egiteko eta antzeko ekimenak aurrera ateratzeko`.
Herriko talde berriak
Musikariak adierazi zuten pozik daudela ´disko hau osatzearren eta euskal preso politikoen alde eragiteko balioko dutelako beren abestiak`. Azpimarratu zuten diskoan parte hartu duten taldeak Hernanin sortu eta aritzen direnak direla denak, ´gainera horietako batzuentzat lehen argitalpena izango da` esan zuten. Diskoa osatzen duten talde ia denak punk estilokoak dira eta aipatu dute Askatasun Garraxiak bildumak herrian estilo honek izan duen gorakadaz jabetzeko ere balioko duela, herriko taldeak ezagutarazteaz gain. ´Horregatik eta lehen aipatutakoagatik`, herritarrei diskoa erosteko deia egin diete, ´ondo inbertitutako 8 euro izango direlako`.