«Udaleko diru laguntzak oso berandu jasotzen ditugu eta gure poltsikotik ari gara dirua jartzen»

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 29a, 02:00

Dantzari Festako talde antolatzailea keja da normatiba berriarekin. Epeaz gain, salatu dute iaz diru laguntza gutxitu ziela udalak ´presoak gogoratzeagatik`. Aurten ez dakite zer gertatuko den.

Dantzari Festako talde antolatzaileak ekitaldien inguruko balorazio ona egin du, baina udalaren jarrerarekin oso kritiko azaldu da. Beren hitzetan, diru laguntzak oso berandu jasotzen dituzte eta horrek behartzen ditu dirua beren poltsikotik aurreratzera: ´iaz eskatutako diru laguntzaren %60 abuztuan jaso genuen eta gainerako %40 aurten otsailean`. Aurten zer gertatuko den ez dakite ziur, baina uste dute berriz ere berandu jasoko dutela diru laguntza eta berriz ere beren patrikatik jarri beharko dutela: ´iaz esan ziguten aurten urtarrilean egingo zela diru laguntza eskaria, baina asteazken honetan bukatu da epea eta asko luzatuko da`. Beren hitzetan antolatzeak suposatzen duen lana ´gutxi balitz` beren patrikatik dirua jarri beharra ´onartezina da`.

Ekitaldi gehiago

Gainera, dantzari festako talde antolatzaileak ekitaldi gehiago ere antolatzen ditu, tartean Santo Tomasetakoa: ´eta laguntzaren %40 antolatzen dugun azken ekitaldia pasa eta ondorenean ematen digute. Horrek esan nahi du orain antolatutako ekitaldietako diruaren %40 agian otsailean jasoko dugula berriz ere`. Antolatzaileen hitzetan, horrek egin beharreko ordainketak asko atzeratzen dizkie eta ´beti kezkatuta egon behar izaten dugu, diru laguntzak jasoko ditugun edo ez`.

Presoen gogorapena

Urtero presoak gogoratzeko ekitaldia egiten dute Dantzari Festan, eta iazko diru laguntzatik 400 eurotik gora kendu zizkien Udalak, Kronikari salatu diotenez. ´Aurten ez dakigu zer gertatuko den, baina gure bildurra da berriz kenduko ote diguten diru laguntza`. Talde antolatzaileak adierazi du, Udaletik esaten dietela presoen gogorapen ekitaldi hori ´ez dela kultur ekitaldi bat`, baina gogoratu dute aurten ere 350 dantzari izan direla agurra dantzatzen. Berei eta talde gehiagori ere kendu zien laguntzaren parte bat Dantzari Festako antolatzaileen hitzetan, ´guk dakigula 4 talderi behintzat bai`.

Hizketarako prest

Dantzari festako antolatzaileek diotenez, diru-laguntzen normatiba berria taldeekin hitzartu gabe onartu zuen Udalak orain 2 urte. Berak prest azaldu dira talde guztiekin batean normatiba berri bat Udalarekin hitzartzen hasteko, baina eskatzen dute aurten ez aplikatu eta diru laguntza lehenbailehen ematea. Gaineratu dute, Udalak jarrera aldatuko ez balu, Dantzari Festa bertan behera gelditu daitekeela.

Herritarrei eskerrak

Bestalde, Dantzari Festako talde antolatzaileak eskerrak eman nahi izan dizkie, aurten ere lagundu duten elkarte, auzo elkarte eta abar luzeari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!