Hernanik Orio du gainditu beharreko lehenengo eskailera-maila Herri Arteko bide zailean, bihar Urnietan

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 28a, 02:00

Hernaniarrak faborito dira, baina ez dute kanporaketa erraza izango. Bihar igandea, 11:00etan, Urnietan.

Asteburu honetan hasiko da Herri Arteko Pelota Txapelketa, eta Hernanik bihar izango ditu joaneko partiduak, Orioko taldearen aurka. Hernaniarrak dira faborito, baina ez du kanporaketa erraza ikusten Rufino Rekalde delegatuak. Kadeteetan Ioritz Arrieta eta Aritz Otaegik jokatuko dute Hernanitik eta normalean ez lukete arazorik behar Orioko bikoteari irabazteko. Jubeniletan Julen Garmendia eta Aritz Salaberriak jokatuko dute Hernanitik eta Orioko Lertxundi atzelariari ahalik eta pelota gutxien uzten saiatu behar dute eta partidua aurrelariari kargatzen. Nagusietan bikote haundia osatzen dute Hernaniko Garikoitz Erroizeneak eta Aitor Gorrotxategik, baina Oriok Aranalde eta Galarra, bi atzelarirekin jokatzen du eta maila haundikoak dira hauek ere. Partidua aurrean korapilatzen badute irabazteko pauso garrantzitsua emango dute hernaniarrek.

Bueltakoa Orion

Hernaniko kiroldegiko pelotalekua obretan izaki, Urnietan jokatuko ditu partiduak Hernanik, goizeko 11:00etan. Bueltako partiduak berriz, hurrengo asteburuan izango dira, Orion.

Talde zailena

Hernanik talde zaila du aurten Herri Arteko txapelketan, eta ekipo nahiko justua Kronikari esan diotenez: ´Donostia, Andoain eta Azpeitia gure taldean egokitu zaizkigu, hiru ekiporik gogorrenetakoak. Guk talde nahiko ona osatu dugu, baina justu xamarra. Lesiorik ez izatea izango da klabeetako bat`.

GRAVN txapelketan bost hernaniar

Herri Arteko Txapelketa ezezik, GRAVN txapelketako finalaurrekoak ere jokatuko dira gaur eta bihar, eta bost hernaniar daude trinketean sailkaturik. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Errioxako selekzioen artean jokatzen da txapelketa eta ospe haundia du. Gaur, Irurako Trinketean, 14:30etatik aurrera Ioritz Arrieta eta Eñaut Esnaola hernaniarrek jokatuko dute Bizkaiaren aurka jubenil mailan; eta nagusi mailan Unai Alvarezek jokatuko du Nafarroaren aurka. Bihar, berriz, 10:00etan Abadiñon, Eneritz Perez eta Leire Lukasek jokatuko dute paleta goman Arabaren aurka, jubenil mailan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!