Azken urteetan bezala, aurten ere, Hizkuntza Eskubideen Eguna antolatu du Euskal Herrian Euskaraz erakunde euskaltzaleak. Baina oraingoan ere oztopo ezberdinekin topatu gara. Hasiera batean, Atarrabian egiteko asmoa genuen, baina udalaren debekuak Burlatan egitera eraman gintuen. Burlatako udalak ordea, debekua ezarri zigun ere. Azkenean, Azpeitian burutuko da eguna. UPN eta PSN nagusi diren bi udal horien jarrera salatzeko eta hizkuntza eskubideen bermea eta euskararen ofizialtasunaren aldarrikapenaren alde manifestazio bat egingo da maiatzaren 5ean arratsaldeko 17:30etan, Atarrabiako udaletxe aurretik Burlatako udaletxera. Maiatzaren 6an Azpeitian Hizkuntza Eskubideen Eguna burutuko da. Bertan goizetik hasi eta gauera arte hainbat ekintza egingo dira (dultzaina joleak, manifestazioa, ekitaldi nagusia, herri bazkaria, kontzertuak...). Hernanin ere garrantzi berezia eman diogu gaiari, eta Hizkuntza Eskubideen Astea antolatu dugu. Argi utzi nahi dugu Euskal Herri osoan bezala Hernanin ere zapalduak daudela gure hizkuntza eskubideak. Ezin da egunerokotasunean euskaraz bizi, osasun zentruan mediku gehienek ez badakite euskaraz, eta gaztelaniaz hitzegitera behartuak gaude. Notaritzan zer esanik ez, bertakoentzat ez da existitzen euskara. Kiroldegian ikastaro asko soilik españolez daude. Eskoletan ere ez da inolaz ere hezkuntza euskaldun bat bermatzen… Hau guztiaren aurrean Hernaniarrok zerbait egin behar dugu, ezin dugu zapalketa hau onartu. Euskara gurea delako, gure herrikoa eta maite dugulako borroka dezagun bere biziraupenagatik. Borroka hontan zati txiki bat jartzearren Hernanin egingo den Hizkuntza Eskubideen Astean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, ondorengo egitaraua osatu dugularik: - Apirilak 29 Igandea: 11:30etatik aurrera Plaza Berrin ber-tsolari eta trikitilariekin hamaiketakoa. - Maiatzak 3 Osteguna: 19:30etan Biteri kultur etxean Kontseiluko kide baten eskutik hitzaldia, `Udal herrietako hizkuntza politika`. - Maiatzak 4 Ostirala: 22:00etan Ania abeslariaren kontzertua. - Maiatzak 5 Larunbata: Deialdia 17:30etan Atarrabiako udaletxe aurretik Burlatako udaletxera egingo den manifestaziora joateko. - Maiatzak 6 Igandea: Deialdia Azpeitian burutuko den Hizkuntza Eskubideen Egunera joateko.
Oihana Ezponda Hernaniko Euskal Herrian Euskarazen izenean