Askatasuna erakundea, hamabostean behin, Hernaniko preso politikoen egoera azaltzen ari da. Araitz Zubimendi Izagaren berri eman du gaurko Kronikan.
2005ean atxilotua
Araitz Zubimendi 2005eko urtarrilaren 28an atxilotu zuten Gendarmeek Baionan. Askatasunak azaldu du 2004ko apirilaren 16an Jarrai-Haika-Segiko auziaren zitaziora ez azaltzeagatik atxilotu zutela, Garzon epaileak aginduta. Egun berean Pau-eko espetxean sartu zuten. Gero Interpolek Espainiar Estatura eraman zuela azaldu du Askatasunak: ´Paueko Auzitegiak Espainiar Justiziari men eginez, Araitzen extradizioa onartu zuen euroagindua martxan jarrita eta apirilaren 25ean espainiaratu zuen Interpolek`.
Kartzela aldaketak eta murrizketak
Araitz Zubimendik hainbat espetxe ezagutu ditu, Soto del Real, Langraitz eta Zuera. Gaur egun Avilako Brievan dago, herritik 480 kilometrora. Bidaia bakoitzak 90 euroko kostua du. Preso hernaniarrak izan dituen murrizketen berri ere eman du Askatasunak. ´Pairatu dituen murrizketak ez dira gutxi izan: Langraitzen zegoela preso politiko bakarra zen, telefono dei guztiak grabatzen dizkiote eta grabagailua ez badabil ez diote deitzen uzten, gutunak hilabete t’erdi edo bi hilabetera jasotzen ditu (bidean ‘galtzen’ ez badira) tailerrak debekatuak ditu, paketeetatik gauzak falta izan zaizkio, bere bikoteak lehen aldiz bixitara sartzeko arazoak izan zituen, eta abar. Gainera bixitetara joateko senideek lanegunak galdu behar izan dituzte horrek suposatzen duen galerarekin`. Horrekin batera aipatu du iazko abenduaren 13tik aurrera zigor ziega batean izan dutela bi hilabete t’erdiz, beste preso batekin ziega berdinean egoteari uko egiteagatik. Askatasunak azaldu duenez, espetxean zehar ´EPPK-ekin bat, borrokaldi ezberdinak burutu ditu: txapeoa, gose greba, enkartelada, baraua, plantea, eta abar. Preso politikoen zein Euskal Herriaren eskubideak aldarrikatzeko`.