Bihar Lan osasun eta segurtasunaren nazioarteko eguna dela eta, Hernaniko Udalak lan-arriskuei aurre egiteko jardunaldiak antolatu ditu gaur goizerako. Jardunaldiak Udaleko eta Udal Patronatuetako langileentzat izango dira eta hori dela eta, Udal zerbitzu gehienak itxita izango dira gaur: Udal euskaltegia eta Biteri goizez itxita; kiroldegiko bulegoak, Ongintzako bulegoak eta enplegu zerbitzua egun osoz itxita; Udal erregistroak, Haur eskolak, Udaltzaingoak eta Zaharren Egoitzako zerbitzuak ohi bezala egingo dute lan.
Ikastaroak eta ebakuazio simulakroa
Gaurko jardunaldietan sektore ezberdinetako Udal langileentzat izango dira ikastaroak. Goizeko 09:00etatik 10:30etara, Biteriko erabilera anitzeko aretoan, 6 ikastaro ezberdin izango dira: Gaixoen mobilizazioa; Altuerako lanak; Produktu kimikoak, kutsagarri biologikoak eta zamen manipulazioa; PVD eta posturak; Erdi-mailako arduradunen garrantzia eta langileak kontsultatzea; eta Gatazken ebazpena eta lan-jazarpenerako protokoloaren aurkezpena. 13:00etan, Udaletxeko ebakuazio simulakroa egingo dute eta 14:00etan jardunaldien amaiera ekitaldia egingo dute Udaletxeko ekitaldi aretoan.
LABek ordubeteko lan uzteak deitu ditu lantokietan eguerdirako
LAB sindikatuak ordubeteko lanuzteak deitu ditu gaur lantoki guztietan eta kontzentrazioak egingo dituzte 12:00etatik 13:00etara Lastaolako rotondan, Eziagon (Luma enpresaren aurrean) eta udaletxe aurrean, (12:30etan). Bihar Lan Osasuneko eta segurtasunaren nazioarteko eguna da eta lanuztearekin ´azken urteetan izaten ari den sarraskia` salatu nahi du, ´hainbat hildako, gaixotu eta elbarritu eragin dituena`. Hain zuzen, 129 izan ziren iaz lan munduan hildakoak Euskal Herrian eta aurten dagoeneko 43 dira. LABen esanetan, ´patronala, instituzioen baimenarekin, lan segurtasun neurri guztiak bete beharrean poltsikoak betetzera dedikatzen da, gure osasuna eta bizitza arriskuan jarriz`. Horren aurrean nahikoa dela dio sindikatuak eta protesta egiteko pauso berri bat eman behar dela uste du, eta nazioarteko egun hau aprobetxatu nahi dute pauso hau gizarte osoarekin batera emateko gaurko kontzentraziotan.
Bihar LAB eta Elkartzen Plaza Berrin
Bihar, 12:30etan Elkartzenek eta LABek kontzentrazio bat egingo dute Plaza Berrin, hildako langileei eta beren senitartekoei elkartasuna adierazteko eta ´sarraski honekin` behin betikoz amaitu dezatela eskatzeko.