«1.505 sinadura hauek prozesu demokratikoaren aldeko sinadurak dira»

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 24a, 02:00

Hernanin, Sozialista Abertzaleak plataforma ateratzeko beharrezkoak ziren sinadurak halako hiru bildu dira eta ezker abertzalea pozik azaldu da jendearen erantzunarekin.

Joan den larunbatean kontzentrazioa deitu zuen ezker abertzaleak Gudarien plazan Prozesuaren eta hauteskunde demokratikoen alde, eta 75 bat lagun bildu ziren Badator udaberria, Badator Euskal Herri berria zioen pankartaren atzean. Ekitaldian azaldu zituzten Sozialista Abertzaleak plataforma datozen hauteskundeetan izateko egindako sinadura bilketaren emaitzak: Hernanin aurkeztu ahal izateko 500 sinadura ziren beharrezkoak, baina ezker abertzaleak dei egina zuen gehiago biltzeko, eta 1.505 bildu dituzte, duela lau urte Bildu Hernani plataformak bildu zituenak baino 100 gehiago. Ezker abertzaleak eskerrak eman dizkie bai kontzentraziora joandakoei eta baita sinadura eman duten hernaniar guztiei ere.

Prozesu demokratikoa

Ezker abertzaleko ordezkari batek kontzentrazioan azaldu zuen, 1.505 sinadura hauek ´Euskal Herriak behar duen prozesu demokratikoaren aldekoak` direla eta baita datozen hauteskundeak demokratikoak izan daitezen ere ´guztiok aukera eta eskubide berdinak izan ditzagun`.

Anoeta eta Anaitasuna

Ekitaldian azaldu zuten ´Anoetan gatazka konpontzeko bidea` proposatu zuela ezker abertzaleak eta Anaitasunan ´gure herriaren gehiengoaren borondatearekin bat eginez, arrazoizko proposamen demokratiko bat`. Horrez gain ´nahiz eta Alderdien Legea ez dugun onartzen` bete egin dutela azpimarratu dute ´ASBren estatutuak aurkeztuz` eta ´bakerantz emandako urrats horiek denak ezker abertzalearen konpromisoaren seinale` direla azpimarratu dute. Gainontzeko eragile eta alderdi politikoen jarrera salatu zuten kontzentrazioan: ´ezezkoa ematen ari dira elkarrizketari eta hauteskunde demokratikoei`. Jokoan dagoena gatazkaren konponbidea dela nabarmendu du ezker abertzaleak eta ´indarrak bildu eta erantzukizunez jokatzeko` deia luzatu du.

82.500 sinadura

Sinadura bilketa Hego Euskal herri osoan izan da Abertzale Sozialistak udaletan nahiz Foru Aldundietan aurkeztu ahal izateko eta 82.500 sinadura bildu dituzte guztira, larunbatean Iruñean jakitera eman zutenez. Gipuzkoan 32.000 sinadura lortu dituzte, Bizkaian 30.000, Nafarroan 14.000 eta Araban, 6.000 sinadura.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!