«Taldearekiko konpromisoak eta inplikazioak garrantzi haundia dute»

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 22a, 02:00

Noiz eta nolatan hasi zinen ume edo gazteak entrenatzen?
Gutxi gora behera, orain dela 14 urte, 1992 inguruan. Gehienak bezela, ikastetxeko talde bat entrenatzen hasi nintzen.

Hasiera hartatik hona, zein da egin duzun ibilbidea?
Lehenengo, Maria Auxiliadora ikastetxean egon nintzen sei urtez, benjamin, alebin eta infantilekin. Gero, San Ignacio ikastetxera joan nintzen eta han hiru urte egin nituen, kadeteekin eta jubenilekin. Oso oroitzapen onak ditut urte haietaz. Eta handik, Hernanira etorri nitzen 2002-2003ko denboraldirako.

Zergatik Hernani? Beste klubek ez duten zerbait ikusten al diozu?
Hernanira, hemengo entrenatzaile batek deituta etorri nintzen, orduan ohorezko jubenila zena zuzentzera. Banuen Donostiako talde baten beste proposamen bat ere, eta ia adostuta neukan hara joatea. Baina azkenean, hona etorri nintzen. Arrazoietako bat da, Hernanik, klub serio baten itxura duela kanpoan, bai egoteko eta bai entrenatzeko. Nik entrenatzea dut gustoko, baina adibidez, lehenago egondako klubetan, entrenatzailea, txoferra, arropa garbitzailea, etab... izaten nintzen eta horrek asko nekatzen du. Gustora aritu nintzen talde haietan, baina Hernanik entrenatzeko aukera hobeak ematen dizkit.

Zein da hemen daramatzazun urteetaz egiten duzun balorazioa?
Bost urte daramatzat hemen eta balorazio orokorra oso ona da. Lehenengo urtea ez zen batere ona izan, zaila, bai deportiboki (mailaz jeitsi ginen) eta baita giroa ere. Halere, horrek, gauza asko ikasteko balio izan zidan eta orain esperientzia positibo bezala hartzen dut. Bestela, orokorrean, oso gustura nabil. Horregatik jarraitzen dut hemen.

Baseko kirolean soilik lan eginda bizitzea oso zaila da. Zein da zure ogibidea?
Erraza al da biak tartekatzea?
Zaila baino gehiago, ia ezinezkoa da hortik bizitzea. Baino ez dakit hortatik bizi nahi dudan ere, nik futbola ´hobby` baten moduan hartzen dut, eta nahiago dut horrela jarraitu. Orain dela gutxi arte, irakasle bezala egiten nuen lan eta orain Matia Fundazioa-n ari naiz. Oraingoz, nahiko lan malgua da ordutegi aldetik eta futbolarekin jarraitzeko bidea ematen dit. Lan mota askorekin ez da erraza biak tartekatzea; ez baita entrenamentuak egitea bakarrik (astean 6-7 ordu), hauek etxean planifikatzea, beste taldeak ikustea, etab... ere egin behar izaten da. Ezkutuko lan hauek egiten ere denbora asko pasatzen da.

Gazteagotan fubolean aritua zara. Ordutik, asko aldatuko zen oinarrizko futbola lantzeko era. Zertan?
Ikaragarri aldatu da. Lehen, fisikoki adibidez, dena oso gogor eta aerobiko egiten zen, korri asko egin eta talde osoak batera. Esaterako, ez zen atezainentzako lan espezifikorik egiten, eta orain bai. Taktikoki ere, asko aldatu da; lehen, atzeko lerroarentzat eta aurrelarientzat aspektu berdinak lantzen ziren eta orain ez. Lan askoz espezifikatuagoa egiten da gaur egun. Baina bazegoen gauza bat, agian orain ez dagoena; psikologikoki, taldearekiko eta klubarekiko konpromiso handiagoa hartzen zen.

Gaur egun, talde handi gehienek, asko fitxatzen dute atzerritik. Harrobia gutxiago lantzen da, edo garrantzi txikiagoa ematen zaio lehen baino?
Nire iritziz, Gipuzkoan ondo eta asko lantzen da harrobia eta oinarrizko futbola, nahiz eta beti egon zeozer hobetzeko. Gauza da, jokalari bat irteteko denbora eta pazientzia behar izaten dela, urte asko, eta maila altuetako ligetan horixe falta da. Ez dago denborarik, emaitzek agintzen dute eta ez diote etorkizunari begiratzen, hurrengo igandeari baizik. Harrobia lantzeko, ez bakarrik klubek, afizioak ere pazientzia izan behar du.

Nola ikusten duzu hernaniko futbola (taldeak, entrenatzaileak,...)?
Orokorrean ondo ikusten dut. Entrenatzaile onak dauzkagu, gazteak dira eta gogoz gainezka daude, ilusioa daukate. Gainera, konpromezu handia dute eta taldearekin asko inplikatzen dira. Eta gero emaitzak hortxe ikusten dira, maila altuko taldeak dauzkagu; Jubenil Liga Nazionala, 1go mailako jubenila igotzear, Ohorezko kadetea... Nahiz eta, taldeen maila mantentzea kostatu, hor gaude urtero.

Gorengo taldeak plantila gaztea du eta asko Hernaniko talde gazteetatik ateratakoak dira. Horrek erakusten al du gauzak ondo egiten ari zaretela?
Bai, lehen esan bezala, emaitzak ikusten ari gara. Gorengo taldeak Hernaniko azpiko taldeetatik igarotako jokalari asko ditu eta maila ona ematen ari dira. Gure helburua ez da jokalariak ateratzea bakarrik, baina honek erakusten du gauzak nahiko ondo egiten ari garela.

Zein oroitzapen dakarzkizu Txantxillak (zelaia, zaleak, giroa...)?
Oroitzapen asko (barrez). Nik bi alditan jokatu nuen bisitari bezala eta etortzen ginen bakoitzean ´a la guerra` izaten zen. Bagenekien Txantxillako partiduak beti oso gogorrak izaten zirela eta puntuak ateratzeko asko sufritu behar izaten genuen. Zaleek ere asko presionatzen zuten. Hori da pixka bat Zubiperi trasmititu behar diogun filosofia. Kanpoko taldeek ikusi behar dute hemendik zeozer atearatzeko asko borrokatu beharko dutela. Aurten mailaz igotzeko aukera handiak dituzue 1go jubenilarekin. Mailaz igotzea baino garrantzitsuagoa da taldea osatzea. Igoera lortzea, azken batean, ondorio bat da; ondo lantzearen, entrenatzearen, denon konpromisoaren eta baita taldearen mailaren ondorio bat. Horren denaren saria izan liteke igoera.

Etorkizunerako amets bat edo ilusio bat?
Nere ametsa, agian, klubeko ametsa da; hernaniko jokalari onenak hemen jarraitzea talde on bat osatzeko eta Hernani indartzeko. Hernanik lehen izan zuen maila berreskuratzeko. Bestela, nire ametsa ez da entrenatzaile bezala mailaz igotzea. Nahiago dut, edozein talde hartuta ere, nire lana ondo egitea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!