Liga Nazionaleko Jubenilak
Iñigo Cela eta Juan Ramon Arruek gidatutako taldeak, lortu du, meritu handiz eta ederki izerdituta, Nazionalean jarraitzea. Taldeak ez zuen denboraldia nahi bezala hasi, hala ere, ligaren erdi partean, emaitza txukunak lortuz aurrera egin eta jeitsiera postuetatik urruntzea lortu zuten. Azken jardunaldietan ordea, behera egin dute berriz (Indartsu, Antiguoko eta Arenasen aurka galduta eta Athletic-en aurka berdinduta), baina salbazioa lortu dute azkenean Santutxuri 0-2 irabazita. Orain, 16 taldetatik 12. postuan daude (atzeko lau taldeek maila galduko dute) eta lasai jokatuko dituzte ligako azken bi partiduak. Lehenengoan, Ariznabarra laugarren sailkatua hartuko dute etxean.
1go Mailako Jubenilak
Jordi Telletxea eta Iban Gilenen mutilak, azken bi denboralditan, ikaragarrizko lana egiten ari dira Jubenilen Ohorezko Mailarako txartela eskuratzeko. Aurreko urtean, puntu bakarra falta izan zitzaien, eta aurten ez dute hutsik egin nahi. Ligako lehen fasea erraz pasa zuten, ia partidu guztiak irabaziz eta lidergoa eskuratuz. Igoera fasean, zailtasun handixeagoak izaten ari dira, baina hala ere, oso gutxi geratzen zaie helburua lortzeko. Azken partidetan, arerio zuzenak garaitu dituzte (Tolosa 2-0 etxean eta Antoniano 0-2 Zarautzen mendean hartuta) eta bakarrik daude lidergoan. Denboraldia bukatzeko bost partidu geratzen zaizkie, eta lehenengo biak mailaz igotzen direnez, nahikoa dute bi partidu irabaztearekin. Lehenengo aukera, Zubipen, Aretxabaleta zazpigarren sailkatuaren aurka, gaur 16:30etan.
Mutilen Ohorezko Kadetea
Liga bukaera aparta egiten ari da Jon Loranek zuzendutako taldea. Lehenengo fasean, ez ziren ongi aritu eta kopa-jeitsiera fasea jokatzera pasa ziren. Fase honetan ere, hasiera oso kaxkarra izan zuten eta lehenengo bost partiduetan, puntu bakarra eskuratu zuten. Azken postuan zeuden, 12.ean, eta azken seiak jaisten zirenez, oso zail ikusten zen mailari eustea. Baina gabonetako geldialdiaren ostean, indarberrituta etorri eta partiduak irabazteari ekin zioten. Taldeak buelta eman zion egoerari eta goiko taldeekin lehiatzeko balio zuela erakutsi zuen. Orain, azken hiru partidak irabazita, 4. postuan aurkitzen dira, jaitsiera postuetatik 6 puntura. Hurrengo aurkaria, Antiguoko. Berion, gaur 12:00etan.
F-11 Neska Kadeteak
Denboraldi fina egiten ari dira Markos Trejoren neskak. Lehenengo fasean, hirugarren postua eskuratu eta txapeldunen fasea jokatzera pasa ziren. Bertan, maila altuko taldeak topatu dituzte eta ez da erraza hauei aurre egitea. Liga amaitzeko hiru partidaren faltan, eta Touring-i 0-3 irabazita, sailkapenaren erdian daude, 5.postuan 8 taldetatik, 16 punturekin. Urteari amaiera ona emateko, azken partidak irabaztea dute jomuga. Hurrengoa, Aretxabaletan, datorren asteburuan.
Mutilen Kadete Txikia
Lehenengo urteko kadeteen taldea ere txapeldunen fasean sartuta dabil. Lehen liga, Zigor Cornagoren mutilek 3.postuan amaitu zuten, baina orain, bigarrenean, partida zailak jokatzen ari dira. Fase hau ez zuten ondo hasi eta burua altxa ezinik dabiltza. Bederatzi taldetatik 7.postuan daude 9 punturekin. Aurretik Internacional daukate 15 punturekin. Halere, txalotzekoa da egiten ari diren urtea. Datorren asteburuan, bigarren postuan dagoen Touring-ek egingo die bisita Zubipera.