ASTELEHENEAN irekiko da Batxilergo ezberdinetan izena emateko epea, maiatzaren 4ra arte. Batxilergoetan sartu ahal izateko DBH, IEE 2 edo BBB gainditu beharra dago. Batxilergoa bi urte izaten dira eta normalean 16 urtetik 18 urte bitartean egiten da. Batxilergo ezberdinak daude aukeran: Natur eta Osasun Zientziak; Teknologia; Giza eta Gizarte Zientziak eta Artistikoa. Batxilergo mota bat edo bestea aukeratzeak etorkizuneko unibertsitateko ikasketak baldintzatzen dituzte. Irakasgai bat edo bestea aukeratzeak selektibitatean ze azterketa egingo den baldintzatzen du. Batxilergo guztiek dituzte: derrigorrezko irakasgaiak, hau da, Batxilergo guztietan ematen direnak; ibilbide bakoitzaren zer ikusia duten irakasgaiak; eta hautazko irakasgaiak. Batxilergoa bukatuta eta selektibitatea gaindituta unibertsitatera joan daiteke. Selektibitatea egin gabe Goi Mailako Zikloak ere egin daitezke eta Zikloa bukatzean, unibertsitatera joan liteke, selektibitatea egin beharrik gabe.
Hernani Institutuan hiru Batxilergo aukeran
Hernanin, Hernani Institutuan matrikulatu daiteke Batxilergoetan. Hiru daude aukeran: Teknologia, Giza eta Gizarte Zientziak, eta Natur eta Osasun Zientziak. Jakinarazi dute denetariko instalazioak dituztela irakasgaiak modu praktikoan lantzeko: laborategiak, ikus-entzunezko gelak, informatika eta interneteko gelak, mekanika tailerra, CAD-CAM programa gela, domotikako gela, diseinu elektrikoko gela teknikoa, sistema automatikoan gela, eta abar. Aurrematrikula egiteko honako ordutegia dute: astelehenetik ostiralera goizeko 09:00-14:30etara. Astelehen eta asteazkenetan, 16:00-18:00etara. Telefonoa: 943-551188.
Matrikulazio datuak
Hernani Institutuko Batxilergoetan normalean Urumea, Elizatxo, Langile eta Urnietako Egape ikastetxeetako ikasleak joaten dira. Azken urteetan matrikulazioak goranzko joera izan du Kepa Zamalloa zuzendariak azaldutakoaren arabera. 2006/07 ikasturtean 52 ikasle matrikulatu dira, lehen aipatutako ikastetxe hauetatik matrikulatu zitezkeen ikasleen %70a. 2005/06 ikasturtean portzentajea %65ekoa izan zen. 2004/05ean, %77; eta 2003/04 ikasturtean, %58.