Jubenilak finalerako txartelaren bila

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 21a, 02:00

Hernaniko jubenilen taldeak Valladoliden jokatuko du gaur eta bihar Estatuko Txapelketako final laurdenetan. Hamasei taldek hartuko dute parte lau taldetan eta bakoitzeko onena sailkatuko da finalerako. Hernanirekin batean dira: El Salvador, Universidad de Malaga eta Xestur Coruña. Gaur Malaga eta Coruñarekin neurtuko da eta gauza guztiak ondo direla bi partiduak irabazteko moduan izango da Hernani. Bihar izango dute partidurik zailena, El Salvadorren aurka. Seguruenera hor jokatuko da finalerako txartela. Hernanik talde sendoa daramaki Valladolidera, entrenatzaileek Kronikari esan diotenez. Bihar, lehen taldeak ez du ezer jokoan, eta bertan jokatzen duten 5 jubenilak Valladoliden izango dira. Hala ere, aurkari gogorra izango dute El Salvador, besteak beste orain bi urte kadete mailako txapelketa erraz irabazi baitzuten, eta orduko haiek baitira oraingo jubenilak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!