‘Sagardoaren Graziya’ gaur txotx denboraldia bukatzeko

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 21a, 02:00

Sagardoaren Graziya ekitaldiaren lehenengo edizioa egingo da gaur kaxkoko kaleetan, eguerdiko 12:00etan Zinkoeneatik aterata. Sagardoaren inguruko garai bateko bertso zaharrak banatuko zaizkio inguratzen den jendeari eta guztien artean kantatuko dira Kaxkoko taberna eta txokoetan ´garai bateko sagardotegietan`. Bospasei geldialdietan guztien artean kantatuko dituzten bertso zaharrez gain, berriak ere izango dira, Hernaniko bertso eskolako bertsolarien ahotik kantatuak. Sagardoari buruz garai batean esaten zirenak eta gaur egungo bertsioa entzun ahal izango ditu beraz entzuleak, txotx denboraldiari bukaera emateko antolatutako ekitaldian. Horrez gain, musika eskolako ikasleek girotuko dute erronda, trikitixa eta panderoarekin.

SagardoGuneak antolatua
SagardoGuneak txotx denboraldian antolatu dituen ekitaldietan azkena izango da gaurkoa, denboraldi bukaera irudikatuko duena. Sagardoaren Graziya urtero egitea da asmoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!