PRENTSAURREKOA eman zuten atzo Herne Neska Taldeko eta Euskal Herriko Bilgune Feministako kideek, ´Hernanin txotx denboraldian emakumeen kontrako erasoak areagotu egiten direla` salatzeko. Adierazi dutenez, Euskal Herrian tradizio bihurtu den zitarekin bat egin dute hainbat eta hainbat herritarrek. Egoera honetan ´emakumeen kontrako erasoak areagotu` egiten direla azaldu dute: ´inpunitate eta eskubide osoz sentitzen dira hainbat gizon emakumeekin nahi duten moduan jokatzeko`. Emakumeek jai giro honetan denetarik jasan behar izaten dutela ere badiote: ´babosoak gerturatzen zaizkigu, begirada lizunez biluzten gaituzte, iraindu egiten gaituzte, baimenik gabe ikuitzen gaituzte; begiradaz, ukimenez eta hitzez erasotu egiten gaituzte`. Azaldu dutenez, garai honetan emakumeek behin eta berriro aipatzen dituzte halako egoerak.
Askatasunez bizi
Honen aurrean aski dela diote talde hauetako kideek, ez daudela horrelakoak jasateko prest. ´Askatasun osoz bizi nahi ditugu jaiak eta emakumeon eskubideak errespeta daitezen exijitzen dugu. Ondo pasatzeko, ligatzeko, jaiaz disfrutatzeko... eskubidea baitugu`.
Herritarrei eskaera ere egin diete eta horrelako egoerak gertatzen direnean inplikatzeko eskatu dute, ´edozein erasoren aurrean erantzun firme eta gogor bat ematea, Euskal Herrian emakumea errespetatzen ez dutenentzat ez dago tokirik!`.
Tuterako hilketa
Prentsaurreko amaieran herenegun Tuteran izandako erahilketa ere salatu zuten, bertan emakume bat hil baitzuen bere bikotekideak. ´Beste behin ere emakumeen kontrako indarkeriak bere zantzurik gogorrenak utzi ditu`. Egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten.