Gaur Galarretak Pacharan Baines masterreko finaleko bigarren partidua hartuko du, erabakiorra izango dena. Uterga-Urrutia eta Zeberio II-Agirrezabala izango dira aurrez aurre eta lehenengoek 10 tantoko abantaila dute, joan den larunbatean Iruñeako Labriten 40-30 irabazi zietelako gipuzkoarrei. Gaurko partiduan Zeberio II-Agirrezabalak beren alde tanteo berdina lortuz gero, hirugarren partidua jokatuko litzateke, Galarretan bertan. Hori gertatu ezean, Baines masterreko txapelak gaur banatuko dira. Uterga-Urrutiak nahikoa dute 31 tanto egitea irabazle izateko. Partidua 17:00etan hasiko da eta ETBren lehenengo kateak zuzenean emango du.
Uterga: ´Urrutiak sakearekin min haundia egin ohi du`
Xanti Uterga doneztebearrak Zeberiori pelota kentzeari ematen dio garrantzia, tantoa egin ez dezan: ´gu Arrizabalaga kargatzen saiatuko gara. Urrutia oso ondo sakatzen ari da eta espero dugu horrela atzelaria dominatzea, nik tantoa bukatzeko pelota izateko` esan dio aurrelariak Kronikari.
Utergak 22 urte ditu eta Urrutiarekin batera (23 urte), oso bikote gaztea osatzen dute. Baines masterrean oso ondo moldatzen ari dira bi nafarrak eta partidu bakarra galdu dute.
Agirrezabala: ´Aldea haundia da, baina saiatuko gara`
Igor Agirrezabala azpeitiarrak onartzen du desabantaila haundia dutela, baino iragarri du larunbatean hasieratik fuerte hasiko direla: ´ezin dugu denborarik galdu`.
Txapelketa berrian ondo moldatzen ari dela dio atzelariak: ´gazteek ez dugu aukera askorik izaten txapelketetan parte hartzeko, eta ilusio haundiarekin nago txapelak lortzeko`.
Dirua gipuzkoarren alde
10 tantuko abantaila izan arren, ez dirudi apustuak Uterga-Urrutiaren alde aterako direnik. Oso litekeena da dirua gipuzkoarren alde izatea, batez ere frontoi luzean, Zeberio IIk partiduak bere alde jartzeko duen gaitasunagatik.
Uterga-Urrutia ederki moldatu dira orain arte frontoi motzean. Partidu guztiak irabazi dituzte eta Lekunberrin jokatutako final aurrekoan Ezkurra-Martinez I-ri egundoko errepasoa eman zieten (40-23). Baina gaurko partidua beste kontu bat izango da.
Pacharan Baines masterra, txapelketa berritzailea
Pacharan Baines masterraren lehen edizioa da aurtengoa, eta berrikuntza batzuk sartu ditu erremontean. Batetik, erremonte tradiziorik gabeko herrietara heltzen ari delako, eta bestetik, frontoi motzetan ez zelako oraindik erremonte txapelketarik jokatu. Tafalla, Doneztebe, Elizondo, Tolosa, Lekunberri eta Bera herrietako frontoiak Baineseko partiduak hartu dituzte.
Kike Elizalde Galarretako intendenteak Kronikari adierazi dionez, masterrari esker toki ezberdinetako jendea, herritik mugitu gabe, erremonte partiduak ikusi eta afizioa hartzen ari da. Hori bultzatzeko, partiduetako sarrerak merke jarri dituzte, 8 euroan, eta 25 urtez azpikoak, debalde sartu daitezke.
Baines masterraren beste erakargarritasun bat espezialitate berri bat sortzearena izan liteke: frontoi motza, betiko faboritoak estuasunetan jarri ditzakeena. Frontoi motzean abilidade gehiago behar da, posturak eta mugimenduak aldatu egiten dira, eta pelotari gazteei ate bat irekiko lieke, onenekin konpetitzeko aukera berri bat.
Gaurko jaialdian
beste hiru partidu
Gaurko jaialdian, finalaz gain, beste hiru partidu ere jokatuko dituzte Galarretan, arratsaldeko 16:00etan hasiko den erremonte jaialdian: Sarasua-Gaztelu/Iribarren-Aizpurua II, Ezkurra-Badiola/Altuna II-Lizaso, eta Bereziartua-Aizpuru/Urriza-Etxeberria III.