‘Sagardoaren Graziya’ kalez kale, bertso zahar eta berriekin

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 19a, 02:00

Txotx denboraldiari bukaera emateko erronda antolatu du SagardoGuneak. Zita, larunbatean 12:00etan, Zinkoenean.

Sagardoaren Graziya izena jarri diote datorren larunbatean egingo den errondari, Ramon Artolak idatzi zuen liburuaren izenburua gogoan hartuta. Auspoa sailak argitaratutako bertso liburuetan lehenengoa da Sagardoaren Graziya eta besteak beste bertako bertsoak izango dira Kaxkoko taberna eta txokoetan kantatuko dituztenak, beste zenbait bertso zaharrekin batean: Txirritarenak, Hernani Txikiyarenak... Horrez gain, bertsolariek bertso berriak ere erantsiko dizkiote zahar horiei. Garai batean, Hernaniko ia taberna guztiak ziren sagardotegi eta hori da erronda kaxkoan egitearen arrazoietako bat. Garaiak, pentsakera eta sagardotegiak asko aldatu dira ordea, eta hortik dator bertso zaharrei berriak eranstearena, sagardo munduaren bertsio aktualizatua ematea.

Deialdi irekia

Errondan nahi duen guztiak hartu lezake parte, bertan banatuko dituzten bertsoak kantatzen. Kalean dabilen jendea ere errondan murgiltzea espero da bestalde, eta horrela txotx denboraldi bukaerak merezi duen bezalako giroa sortzea herriko kaleetan.

SagardoGuneak antolatua

SagardoGunea Udalak eta Sagardogile elkarteak osatzen dute eta zenbait ekitaldi antolatu dituzte aurten, txotx denboraldiaren barruan. Sagardoaren Graziya izango da aurtengo ekitaldietan azkena, txotx denboraldia ixteko balioko duena. Erronda hau urtero egiteko asmoa dute.

Sagardoaren inguruko zenbait bertso

LAZKAO TXIKI

Udaberrian joaten bagera
Sagardotegi batera,
Basoak hartu eta lerroan
Kupeletik kupelera.
`Hau ona dago, ta beste hori
hau bezain ona ote da?`
probatutzeko asmoan joan
ta bapo eranda etxera.

Goitik botata goxoago da
Ongi atereaz bitsa,
Ta giltxurdinak garbitzen ditu
Xamur egiten da pixa.
Umore ona piztu arazi
Eta luzatu bizitza,
Hobe genduke sagardo gehigo
Erango baldin balitza.

PABLO TXIKIA

Euskal Herria paradisotzat
Bezela zegon munduan,
Baserri danak sagardotegi
Izaten ziran orduan.
Hobe genduke gaur´e bageunde
Garai hartako moduan,
Aurrerapenak gure lurrera
Hara zer ekarri duan.

RAMON ARTOLA

Bedeinkatua izan dedila
Sagardoaren graziya,
Bai eta ere kupira gabe
Eraten duben guziya;
Erari honek gizon askori
Ematen dio biziya,
Hau eran gabe egotia da
Neretzat penitentziya.

Lehenengo sartu tabernan eta
Ateratzen naiz azkena,
Egun guzian zurrutian da
Etzait betetzen barrena;
Hau da erari maitagarri bat
Arras piztutzen nauena,
Joxepa Karmen bihotzekua
Bete hamabigarrena.

RAMON ARTOLA

Urreztuba ikusten
Zaio koloria,
Balsamu bat da berriz
Bere saboria;
Txinpartak darizkala
Edari guria,
Penak hiltzeko txanpain
Bainan da hobia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!