‘Begirada bat Kubari’ Iñaki Petxarromanek idatzitako liburua kalean da

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 19a, 02:00

Hirugarren liburua du dagoeneko, Hernanin bizi den kazetari lasartearrak. Elkarrizketaz osatutako liburua da.

IÑAKI Petxarroman Hernanin bizi den kazetari lasartearraren hirugarren liburua kalean da. Begirada bat Kubari liburu honetan, Kubako 30 pertsonaje ensanguratsuri egindako elkarrizketak irakurri daitezke, Kubaren oraina eta geroaren inguruan. Fidel Castro, Kuba gidatu duen komandante iraultzailearen egoeraren aurrean, galdera asko sortzen dira herrialde honen inguruan: Zer gertatuko da hiltzen denean? Trantsizioa etorriko al da? Ala jarraipena? Elkarrizketetan Kubako erregimenaren inguruko iritzi ezberdinak dituzten kubatar esanguratsuenen hitzak biltzen dira, esate baterako: Ana Fidelia Quirot (800 metrotan munduko txapelduna); Hezkuntza Ministro izandakoa eta orain Brigadako Generala den Fernando Vecino Alegret; Cesar Portillo de la Luz musikaria eta Cintio Vitier idazlea eta literatura Sari Nazionala. Euskal deportatu bati egindako elkarrizketa ere jasotzen da liburuan, Joxemari Arrugaetari egindakoa. Elkarrizketak joan den urteko urritik abendura bitartean egin ditu kazetariak.

Hirugarren liburua

Iñaki Petxarromanen hirugarren liburu hau Elkar argitaletxeak argitaratu du. Aurretik baditu beste bi liburu Txalaparta argitaletxeak argitaratutakoak: Katearen Begiak (2003), eta Nafarroa: Iragana eta Geroa (2000).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!