Real Politik diskoan ere, letrei dagokienez, altxor edo pitxiak aurkitu dituzu. Nora jotzen duzu horrelakoen bila?
Gehienak liburuetan aurkitu ditut. Testu asko dago idatzirik eta oso maila altua dute gure gaurko poetek. Lehengoetatik ere altxor ederrak aurkitu ditut. Liburuetan usnaka ibili behar, hori da sekretua. Enkarguzkoak ere badaude nire azken disko honetan, adibidez Koldo Izagirreri eskatutakoak: Zoragarria ez al da? Edo Real politik bera.
Politika al da diskoaren gaia? Zerk bultzata hartu duzu disko honetako ardatz moduan?
Politika ez, kritika ironiko eta umorezko bat egungo politika egiteko moduari. Real Politik kantuak, politika errealista edo posibilista horri egiten dio barre serio. Gure politikariek askotan esaten digute, alperrik direla printzipioak eta utopiak. Ondo daudela eta ados daudela gurekin gainera, baina egunerokoan horiek ez dutela balio. Gezur hori salatzen du kantuak. Kantu bat izan daiteke disko baten izenburu eta nik horrela egin dut. Gero gai aldetik diskoa anitza dela esango nuke: umeen kartzelak, artzain baten ikuspegi kritikoa munduko politikari buruz, euskaldunen arteko borrokak abertzale eta errepublikarren artean, Bilbao izeneko cabaret batetan gertatzen direnak,…
Erritmo aldetik ere disko honetan denetatik aurkitu daiteke, oso bariatua da.
Erritmo ezberdinak testu ezberdinentzako. Testua janzteko aukera ona eskaintzen dute musika estilo ezberdinek. Saiatu naiz gai bakoitzari erritmo polit eta egoki bat asmatzen. Horretan laguntza egokia izan dut bai diskoan eta bai zuzenekoetan: Jexux Aranburu eta Arkaitz Minerren eskutik.
Zer moduzko harrera izan du diskoak orain artean?
Ni gustura nago diskoak izan duen oihartzunarekin eta kontzertuetan jendea gustura sumatzen dut. Maiatzean hasi ginenetik hona, kontzertu mordoa eskaini dugu. Halere Real Politik maiatzean bukatuko dugu. Beraz, Hernanikoa izango da gure azkenekoa Gipuzkoan.
Gaurko kontzerturako gantxo berezia ere bada musikarietako bat ereñotzuarra izatea, ezta?
Iñatzuarrak ez dira edozein! Eguzkiak gehiegi jotzen ez badu ere jende argia da. Gure Iñatzuarra musikari handia da eta pozik lan egiten dugu elkarrekin.
Zer esango zenioke publikoari gaur zure kontzertura joateko?
14 kantu eder kantatuko ditugula Biteriko areto ederrean. Ostiral bat izanda, 20:00rak nahiko goiz dela esango nuke baina. Jendea lanetik orduantxe ateratzen delako. Baina ez dago beste aukerarik. Kantu hauek zuzenean entzun nahi dituenak hortxe du aukera. Trikitixa munduan erreferente garrantzitsua zara.
Trikitixak askorako ematen duela eta emango duela uste al duzu?
Trikitixa tresna ederra da kanturako ere. Nik horretarako erabiltzen dut. Gustuko dut kantatzea eta soinu txikiarekin ondo moldatzen naiz.
Beste proiekturen batean ba al zabiltza momentuan?
Bai beste disko bat prestatzen ari naiz. Testu mordoa daukat aukerako eta musika asmatzea falta zait.