Sagastiyan babes ofizialeko 295 etxebizitza egingo dira, Diputazioak onartu berri duen hirigintza plangintzaren arabera. Honenbestez, 1998an hasitako egitasmoa gauzatzeko bidean jarri da, hamar urte eta zenbait eztabaidaren ondoren. 295 etxebizitza hauetatik erdiak hernaniarrentzat dira eta gainerako erdietan ere izango dute zozketan sartzeko aukera Etxebiden izena emanda dauden eskualdeko gainerako lagunekin batean.
Plan partziala
Behin hirigintza plangintza onartuta, plan partziala egin behar da orain. Hala ere, lehendik egina bada plan partziala, eta hura ajustatzea besterik ez da egin behar, Iñaki Arratibel Hirigintza Zinegotziak Kronikari esan dionez. Behin plan partziala ajustatu eta onartzen denean, egin beharko da urbanizazio proiektua. Orain artean, egitasmoa geldo joan bada ere, hemendik aurrera oso azkartu liteke Arratibelen hitzetan, eta ezeren okerrik ez dela, 2008 hasierarako obrak hastea aurrikusten dute.
Hamar urteko ibilbidea
Sagastiyako etxebizitzen lehenengo hitzarmena 1998an egin zuen Udalak Jaurlaritzarekin. Hitzarmen hark jartzen zuen lehentasuna hernaniarrek izango zutela, baina ez zuen kopururik zehazten. Udal gobernu berria sartu zenean hitzarmen berri bat egiteko tramiteak hasi zituen eta zehaztu zuen hernaniarrentzat izango ziren etxeak %50 izatea. Kontua da, geroztik sententzia bat egon dela tartean, hitzarmenak biltzen zituen zenbait lur urbanizatuak zirelako urbanizagarriak izan beharrean, eta lur jabeak diru gehiago eskatu zuela. Udalak bi aukera izan ditu Arratibelen hitzetan: ´edo gehiago ordaindu eta lehen adina etxe egitea, edo lur zati hori hitzarmenetik kanpo utzi eta 295 etxe egitea`. Azken erabakiaren alde egin du Udalak eta horixe da orain Diputazioak onartu duena hirigintza hitzarmenak biltzen duena.
Arau Subsidiarioen proiektua
Foru Aldundian hauts asko harrotu duen beste gaietako bat Arau Subsidiarioena izan da. Udalak bere garaian eman zion azken onarpena eta Foru Aldundia da behin betiko onarpena eman behar dioena. Iñaki Arratibelek atzo esandakoaren arabera, proiektua bide onetik doa eta espero du maiatza erdirako onartzea Diputazioak.