Juan Mari Jalon hernaniarra omenduko du bihar Gipuzkoako Pelota Federazioak Hernanin, bertan egindako lanaren esker onez. Goizeko 11:00etan jaialdia izango da, bi pelota partidurekin, eta tartean, eguerdiko 12:00ak inguruan, egingo diote omenaldia. Jalonek 25 urte egin ditu Pelota Federazioan lanean eta jubilatu berria da. Pelota Federazioan ezezik Hernaniko pelota taldean ere lan egin du eta egiten du Jalonek. Pelota taldeko kideak aritu dira biharko jaialdia pretatzen, Federazioarekin batean.
Bi partidu
Biharko omenaldiko pelota jaialdian bi partidu izango dira Tilosetan bertan, bata jubenil mailakoa eta bestea afizionatu mailakoa. Jubenil mailan, Narbarte eta Albisuk jokatuko dute Esnaola eta Telletxearen aurka; afizionatu mailan, berriz, Huizi eta Landak jokatuko dute Artano eta Aldazabal bikotearen aurka.