Hernaniko elkarbizitza hobetzeko azterketa aurkeztu zuten atzo Joxan Rekondo Alkateak, Txema Mercado Zinegotziak, eta ikerketa egin duen GEUZeko teknikaria den Lucia Gorbeñak.
Azterketa honek herrian elkarbizitza hobetzeko urrats bat izan nahi du, zer lan egin litekeen finkatzeko. Azterketa osatzeko herritarrei egin zaie galdeketa eta parte hartze honen bidez, herritarrak sentsibilizatu nahi izan dira bakearen kulturaren gainean. Herritarrek begi onez ikusi dute gatazketan esku hartzeko udal bitartekaritza gune bat sortzea, atzo azaldutakoaren arabera.
Herritarrak gehien eragiten dituzten gatazkak zerrendatu zituzten aurkezpenean. Orokorrean mota honetako arazoak dira: udala herritarrak eta elkarteen arteko gatazkak; bizilagunen arteko tirabirak; famili arteko gatazkak; lan eremuko arazo pertsonalak eta gatazka politikoak egunerokotasunean sortzen dituen tentsioak. Azterketa honetan gatazka horiek gainditzeko zenbait proposamen ere agertzen dira, askok herritarrek berek proposatutakoak: gatazkak modu elkarrizketatutan konpontzeko baliabideak jartzea, herritarren parte hartzea bultzatzea, herritarrekin tratu zuzena duten langileak heztea eta herritar inmigranteen parte hartzea bultzatzea, besteak beste.
Metodologia
Azterketa egiteko lau talde ezberdinek emandako informazioa bildu da: politikariak, udaletxeko langileak, ikastetxeak eta elkarteak. Bi bide erabili dituzte informazio jasotzeko: galdeketa pertsonalak eta taldekako eztabaidak.
Gatazka politikoa
Joxan Rekondok prentsari erantzunez adierazi zuen, herriko gatazka nagusietako bat ordezkaritza politiko ezberdinen arteko gatazka dela. Adierazi zuen zinegotzi batzuk bizkartzainarekin ibili behar dutela. Horrez gain azpimarratu zuen, herriko zati garrantzitsu bat ordezkaritza politikorik gabe dagoela.
GATAZKAK:
Gai zehatzen inguruan aipatutako gatazka nagusiak:
- Gaztetxea eta lokalaren inguruan sortutako egoera.
- Bizilagunen arteko gatazkak: elkarbizitza, kultur aniztasunaren inguruan sortutako arazoak, eta abar.
- Txotx denboraldian gertatzen diren arazoak.
- Babes ofizialeko etxebizitzen banaketaren inguruko gatazkak.
Zenbait proposamen:
- Udalak baliabideak jartzea gatazkak elkarrizketa bidez konpontzeko.
-Herritarren parte hartzea zabaltzea.
-Partidu politikoen arteko harremana hobetzea herritarrentzat eredugarria izateko.
-Elkarbizitza hobetzeko dagoeneko egiten den lanaren berri ematea.
- Elkarbizitza hobetzeko duten erantzukizunaz herritarrak kontzientziatzea.