Bi zita izango dira datorren larunbatean Hernanin ´garapen jasangarriaren aldeko` bi festa. Batetik, hasiera emango zaio Nahas-Mahas bigarren eskuko azokari Atsegindegin; eta bestetik, Bidezko Merkataritza Festa izango da Plaza Berrin, Bidezko Merkataritza Arduratsuaren aldeko asteari bukaera emateko. Ekitaldiak Udalak eta Emaus Fundazioak antolatu dituzte.
Bigarren eskuko azoka irekia
Bigarren eskuko azoka da Nahas-Mahas eta datorren larunbatean hasita hilero egiteko asmoa dago Hernanin, 11:00etatik 14:30etara, Atsegindegi plazan. Zerbait saltzeko asmoa duen edonork parte hartu lezake bertan, erabilitako gauzak edo estokean gelditu zaizkionak aterata. Azokan parte hartu nahi duten pertsona edo elkarteak oraindik ere garaiz daude. Parte hartzeko azoka@emaus.com e-mailera idatzi edo 943 36 75 34 telefonora deitu. Azoka honek berrerabilera eta ahalik eta zaborrik gutxien sortzea du helburu eta banako, ikastetxe, elkarte eta profesionalak elkartzeko gunea bihurtzea nahi da. Bidezko merkataritza festa Bidezko Merkataritza festa ere datorren astean da egitekoa, goizeko 10:30etatik 14:00etara, Plaza Berrin. Festarekin bukatuko da Bidezko Merkataritza Arduratsuaren astea. Atzo hasi zen astea, eta sentsiblizazio tailerrak, musika emanaldiak, ipuin kontalariak, kooperazioan ikasteko jolasak, txokolatada eta abar izango dira aste guztian zehar. Gaur goizean ikastetxeetan izango dira tailerrak eta arratsaldeko 17:00etan, Bidezko Merkataritzako produktuekin sukaldaritza ikastaro irekia Biterin.
Bideoforuma atzo
Atzo arratsaldean bideoforuma izan zen Emaus Fundazioko kide batek gidatuta. Hernanin hilero postua jartzen dela-eta bidezko merkataritza nahiko ezaguna dela aipatu zuen. Merkataritza mota honen atzean dauden printzipioetan sakondu zuen eta kontsumo arduratsua zer den ere azaldu zuen.