«Ezinezkoa da zure borondatea ukatzen duen estatu bat maitatzea»

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 18a, 02:00

Zer dela eta utzi zenion espainola izateari?
Arrazoi ugari ditugu español izateari uzteko: inbasioak, inposaketak...baina Historia guztia ahaztu daiteke Estatu integratzaile, begirunezko, progresista eta atsegin bat eratzeko proiektua egonez gero. Espainiaren arazoa zera da: gu seduzitzeko guztiz ezgaia dela. Ezinezkoa da zure borondatea ukatzen duen estatu bat maitatzea. Ez zaizkigu haien erregeak gustatzen, ez haien guardia zibilak ere, ez gotzainak, ez haien komunikabideak, ez haien intelektualak, ez haien epaileak, ezta haien politikoak ere. Nola biziko gara gorrotatzen dugun eta gorrotatzen gaituen jende horrekin? Horretarako dago dibortzioa. Iparraldetik Marc Legassek zioen bezala, tribortzioa.

Ze harrera izan du liburuak Euskal Herrian?
Kritika oso onak jaso ditut, pentsatzen nuena baino hobeak. Hor dugu frogarik garbiena: bi hilabetetan lau edizio egin ditugu. Gainera, oso fenomeno polita bizitzen ari naiz: gazte jendeak oso gustura irakurtzen ari du, baita zaharrek ere. Nik uste dut hori seinale ona dela, independentziaren nahia eta espainiar hegemonismoarekiko nazka belaunaldi guztietan hedatua dagoela adierazten duelako.

Eta zer nolako kritikak izan dituzu Euskal Herritik kanpora?
Hau ere sorpresa polita izan da. Pentsa, Txalapartaren Irakurle Klubaren heren bat Euskal Herritik kanpo dago. Nola esan gure irakurleei ´maite zaitut baina dibortziatu nahi dut`? Fuertea da. Hala ere, erantzuna, laburbilduz, ´bazen garaia` izan da. Kritika txalogarriak jaso ditugu. Luzeena zaragozar batena, 60 orrikoa.

Hauteskundeak datoz maiatzean, nola ikusten duzu egoera?
Hauteskundeak isla bat dira, besterik ez. Oso ezberdina da erreferendum bat planteatzea. Orduan jendeak alderdietako politikoen hautes-programek ezkutatzen duten guztia baloratu beharko du. Orduan kontuak aterako dira eta baloratuko non biziko garen hobeto, askatasunean ala dependentzian. Neur ditzatela gurea bezalako herri txiki eta garatuen abantailak; aldera ditzatela osasuna, hezkuntza, administrazioa... jendea ez da lerdoa. Horregatik diote beldur itzela euskaldunok erabakitzeari.

Argitaratzaile izatetik idazle izatera pasa zara....
Editore izan aurretik idazlea izan nintzen, horregatik animatu nintzen editore izatera. Orain, 600 liburu argitaratu ondoren, idazteko beharra gutxitu zait. Gure katalogoan dauden hainbat liburu zoragarrirekin identifikatuta sentitzen naiz. Horregatik, orain soilik gai batek sumintzen nauenean esertzen naiz ordenagailu aurrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!