«Euskaldunen eta gaskoien kultura komuna erakustea dugu helburu»

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 15a, 02:00

Xarnege taldeak gustua hartu dio Hernanin jotzeari. Hilaren 19an Biterin joko dute eta 26an Juan Ezeiza eta Josean Martin Zarko berriro itzuliko dira Gero Axular dantza taldearekin batera. Kontzertu horien aurretik KRONIKAk taldeko bi kide hauekin hitz egin du. Euskal Herriko eta Gaskoniako musika tradizionala uztartzen du taldeak, musika mugak gainditzeko tresna ezinhobea dela erakutsiz.

Noiz sortu zen taldea?

Taldea 2003an sortu zen. Gauza nahiko sinplea izan zen. Joseanek Joan Baudoin ezagutzen zuen lehendik, Ganbararen disko batean parte hartu zuelako. Behin hiru gaskoiak, Joan, Roman eta Matèu Oiartzuna etorri ziren, Beltranen musika txokora. Kontzertua eskaini zuten han. Gu han ginen eta esan genien bere abesti batzuk gureen oso antzekoak zirela, eta zergatik ez genuen zerbait elkarrekin egiten.

Kulturartekotasuna, mugak kentzea proposatzen duzue.

Mugarik ez dago kentzerik, ze mugarik ez dago, ez muga politikorik behintzat. Ez dago ez Landak eta Biarno arteko mugarik ezta euskal departamendurik ere. Badaude euskaraz hitz egiten duten herri gaskoiak eta iparraldeko herriak gaskoieraz hitz egin eta kultura gaskoia mantentzen dutenak. Familia misto asko dago, konpartitzen diren abesti eta dantzak... Herri eta familia horiei xarnege deitzen diete gaskoiek. Gure proposamena komunean daukagun kultura hori erakustea da.

Diskoa ere baduzue.

2004. urtearen bukaeran grabatu genuen. Kontrabandoko musika jarri genion, beti muga pasatzen ibiltzen ginelako. Taldeko kideak landetan, Oiartzunen, Donostian eta Paben bizi gara. Hizkuntza aldetik euskara eta gaskoiera erabiltzen ditugu, eta baditugu kanta instrumentalak ere.

Zer estilotako musika da?

Musika tradizionala da, tresna zaharrekin egina. Joan Baudoinek fabrikatzen ditu horietako batzuk: zarrabeteak, txirulak, albokak, flabutak eta abar erabiltzen ditugu, eta batzutan elektrifikatu egiten ditugu. Ez da musika tradizionalaren museo bat bezalakoa, gauza bizia da. Taldean bi belaunaldi nahastu gara, 40tik gorakoak gara batzuk eta 20 inguruko bi gaztetxo ere bai. Horrek ere ematen dio bizitasuna eta gaurkotasuna gure estiloari.

Kontzertu asko eskaini dituzue?

Urtean 20-25 bat egin ditugu: Hungarian, Belgikan, Portugalen... Orain maiatzean Mexikora goaz. Harrera ona izan dugu orain arte.

Eta kontzertuetan dantza egiten al du jendeak?

Euskal Herrian ez, Gaskonian errazagoa da. Katalunian ere gogorrak dira. Joan den urtean Parisen ere jende guztiak dantzan bukatu zuen. Euskaldunak zailak gara. Batzuetan gu jende artera jaisten gara, ea animatzen diren. Europa aldean ere bai, eta ekipo gabe jotzen bukatu izan dugu. Dantzaldirik onenak, hiri haundietan edo Gaskoniako herri txikietan ikusi izan ditugu. Dena dela Euskal Herriko herri txikietan gutxi jo dugu, orain hasi nahi dugu hemen gehiago jotzen.

Entsaiatzeko eta kontzertuetarako kilometro asko egin beharko dituzue ezta?

Hasiera batean Biriatun ibili ginen entsaiatzen. Orain berriz, landetan entsaiatzen dugu, Joanen etxean. Bera oso sukaldari ona da gainera! Geratzen garenean asko entsaiatzeko aprobetxatzen dugu. Egun osoan aritzen gara eta bide batez ederki bazkaltzen dugu. Hala ere, ez da erraza, kontzertu garaian maiztasuna mantentzea, baina udazken eta neguan gehiago entsaia-tzen dugu.

Gainera beste proiektuetan ere bazabiltzate...

Gu Lantz proiektuan ari gara Mikel Errazkinekin eta gaskoiak ere Familia Arthus taldean dabiltza. Lehenago Ganbara eta Euritan Blai-en ere aritu izan gara. Ez dugu deskantsatzen.

Mexikora zoaztela esan duzue lehen. Nola ulertzen dute zuen musika beste herrialdetan?

Orain arte harrera ona izan dugu. Mexikokoa ikusiko dugu.Ollin Kan festibalean ariko gara. Erresistentzian dauden herrien aldeko festibala da, hortaz, espero dugu guk eskainiko duguna esperoko dutela, gauza alternatibo eta tradizionalak.

Herri ezberdinetako musikariak batzen zarete horrelako jaialdi haundietan?

Bai, adibidez Hungariako Sziget festibala, makrojaialdia zen. Ikaragarria. Han ere oso harrera ona izan genuen. Beraiek oso ondo ulertzen dute gure musika. Badakite zer den kultura gutxitua izatea. Belgikara joan ginenean ere, Flandrian izan ginen eta oso ondo hartu gintuzten.

Bi herri eta bi kultura. Non elkartzen dira?

Bi kulturek sustrai berak dauzkate. Erromatar garaiko Vasconia izango litzateke sustrai hori. Hizkuntzak eta folklorearen zati asko ezberdinak dira, baina esandako herrietan, xarnege delakoetan, bi kulturak elkartu egiten dira. Musika tresna asko konpartitzen ditugu: txirulari adibidez, beraiek flabuta deitzen diote, ttun-ttunari tanborina, badaukate alboka antzeko tresna bat, karenera izenekoa...

Gaskoietaz ez dakigu gauza haundirik. Zer lurralde hartzen dute?

Zaila da jakitea. Frantzian departamentuak eta kulturak ez datoz bat askotan. Gutxi gora behera, Bordeletik hasi eta Frantziako Tolosara bitarteko lurraldea hartzen dute. Biarno, Landak eta pirinioen parte bat ere gaskoia da.

Zer geratzen da Vasconiako garai haietatik?

Jatorri bera dugu, nahiz eta beren hizkuntza latinetik datorren. Han izan zen protoeuskera bat eta oinarri horretan sortu zen gaskoiera.

Zuen berezitasunen artean bat Joanek egindako tresnak izan daitezke?

Berak bereziki ttunttunak egiten ditu, sokazko danborrak, pirineoan dezente jotzen direnak. Karenerak ere egiten ditu. Albokaren antzeko tresna da hori, galtzen ari zena. Gero taldean txirulak ere badaude, zarrabeteak, bouzoukiak... Eta bada tresna bat Joanek, Matèuk eta Romanek asmatu zutena: bi ttunttun elkartu zituzten eta lau akorderekin bessona (bizkia) egin zuten. Oso instrumentu haundia zenez, baxuaren masta jarri zioten. Esperimentazio ugari egiten dugu instrumentuekin. Adibidez, zarrabete elektrifikatuak dauzkagu, pedalera eta guzti. Zarrabetea sokazko gaita antzekoa da, baina moldapenarekin gitarra elektrikoaren hotsa ateratzen du. Nahiko bitxia da, batzuetan gitarra elektrikoaren soinua entzuten da diskoan baina ez dago gitarra elektrikorik. 10 bat tresna erabiltzen ditugu gutxienez. Eta perkusio tresna arraro asko ere badauzkagu.

Zein egoeratan daude tresna horiek?

Ttunttuna eta txirula nahiko ondo daude. Zarrabetea hemen galdu egin zen aspaldi baina Gaskonian osasun ona du. Karenera orain ari dira berreskuratzen baina zailtasun haundiekin. Hemen alboka ere garai batean galtzear egon zen, baina orain hobetu da bere egoera. Joan folklore alorrean ikertzaile haundia da. Musikologoa da eta Pabeko kontserbatorioko irakaslea da eta asko egin du tresna horietako batzuk berreskuratzeko. Bera hasi zenean ez zegoen ia ezer.

Gaskonian erabiltzen dira?

Han jotzean, dantzaldia egiten dute bukaeran. Hizkuntza aldetik hemen baino okerrago daude, baina folkloreari dagokionez, eta dantzaren alorrean bereziki, ezagutza haundiagoa dago. Kontzertu bukaeran jendea igo ohi da, dantzatzera edo txirula jotzera. Folklore bizia dute.

Tresna asko aipatu ditugu hemen. Zein instrumentu jo-tzen dituzue bakoitzak?

Nik gehien bat bibolina jotzen dut, baita alboka, txanbela eta txirula ere. Josean berriz mandolina eta gitarrarekin aritzen da. Gaskoiek berriz denetarik jotzen dute: txirula eta zarrabeteak. Nahiko bitxia izaten da hirurek batera zarrabeteak jotzean, hemen ez baititugu tresnak ezagutzen.

Eta abestu ere egiten duzue.

Abesti erdiak instrumentalak dira. Letra dutenen artean berriz abestien erdiak euskeraz eta beste erdia gaskoieraz egiten dugu. Duela gutxi ezagutu dugu sehaska kantu bat gaskoiera eta euskera nahasten dituena. Izan ere Pasaian eta Donostian gaskoi asko ibili zen garai batean. Nahiko gauza bitxia da. Horrek erakusten du, hemen ere xarnegeak egon zirela. Gipuzkoan gaskoi jatorrizko hitz asko daude: Polloe, Molinao, Puy, Miramon, Monpas...

Gipuzkoa gaskoia beraz...

Xehetasun guztiak ez dakizkigu, baina erdi aroan merkatari asko etorri ziren Gaskoniatik Gipuzkoa aldera. Donostian komunitate handia osatu zuten. Gasko eta Gaskue abizenak nahiko zabalduta daude. Urgull hitzak ‘orgullo’ edo harrotasuna esan nahi du gaskoieraz. Zaharrek oraindik alde zaharrean aldapan dagoen kale bati pulluelo esaten diote. Gaskoieraz ‘mendia’ esan nahi du. Hemendik kanpo ere, Soria inguruan-eta gaskoi asko ezarri zen erdi aroan.

Gaskoien hizkuntza egoera txarrean dago. Non da ofiziala hizkuntza?

Arango bailaran, Katalunian. Gaskoieraren hedapen-eremua Euskal Herria baino lurralde zabalagoa da berez, baina Frantzian ez da ofiziala. Katalunian ofiziala da toki batean, baina hor ere arazoak daude: batzuk bearnesa deitzen diote, beste batzuek landesa, okzitaniera...

Kulturaren kontrabandoa aldarrikatzen duzue. Nola nahasten da tradizioa eta mestizajea?

Badira oso gureak ditugun doinuak. Banakoa eta zortzikoaren erritmoa euskaldunak dira adibidez, horiek ez dituzte inon jotzen. Baina hortik aurrera beti egon da nahasketa. Gure aiton-amonek ez zuten konplejorik horretarako. Trikitixa, adibidez, Italiarrek ekarri zuten hona, tirolesak ferrokarrila egitera etorri zirenean, Zumarraga aldera. Jendeari soinua gustatu eta hemen jotzen hasi ziren. Alboka bera Arabiatik dator, ‘al’ aurrizkia hangoa da. San Sebastián de los Reyesen aurkitu genuen instrumentu bera beste izen batekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!