«Tropeleko haundien artean sentsazio onak izateak konfidantza ematen dizu»

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 15a, 02:00

Xabat Otxotorena txirrindulari hernaniarrak hirugarren denboraldia du aurten profesionaletan, Continental mailako Orbea taldean. Iaz postu on dezente egin zituen eta aurten ere indartsu eman dio hasiera denboraldiari, eta garaipena miazkatzeraino ere iritsi da, Vaucluseko 2garren postuarekin. Lehengo asteburuan bikain aritu zen Miguel Indurain lasterketan eta gaur beste horrenbeste egin nahi du Zornotzako Udaberriko Sari Nagusian.

Aurten hirugarren urtea profesionaletan. Dagoeneko beterano?

Oraindik ikasten ari naiz, baina nabaritzen da hirugarren urtea dela. Adinez (27 urte) nagusia naiz pelotoirako, eta pixkanaka asentatu egiten zara. Urtez urte nabaritzen da aldea: karrerak hobeto bukatzen dira, postu hobeak egin... iaz nahiko postu onak egin nituen zenbait lasterketetan eta aurten ere denboraldi hasieran postu on batzuk egin ditut eta hobeto nago. Indarrez-eta egin egiten zara, baina karrera irakurtzen ere ikasten da: indar denak portuan ez uzten, zure lekua hartzen... hor klabea da denbora izatea txirrindulari egiteko, asentatzeko eta uste dut goraka nijoala.

Denboraldia orain artean txukun dijoa eta garaipena dastatzera ere iritsi zara. Ze balorazio egiten duzu?

Denboraldi hasierako balorazioa ona egiten dut. Ondo hasi nintzen, baina hilabeteko geldialdi bat izan genuen hor, eta Gaztela eta Leonera ez nintzen nik nahi bezala iritsi, zaila baita ondo entrenatu arren, konpetizioak ematen dizun rodajea hartzea. Miguel Indurain sarian, berriz, ondo aurkitu naiz.

Orain artekoa errepasa dezagun:

- Mallorcako Challengea: Etapetan postu onak egiteko zorterik ez nuen izan, baina generalean ondo ibili nintzen. Zorte txarra izan nuen etapa bukaera batean, portua igotzen ari ginela katea atera baitzitzaidan, eta denbora pixkat galdu nuen. Horregatik izan ez balitz 10 lehenengoetan sartzeko moduan izango nintzen. Nik denboraldi hasieratan abantaila bat badut: gutxi korrituta ere nahiko rodaje ona izaten dudala eta pisu asko ere ez dut hartzen beste zenbaiten aldean.

Vauclusen: Gustora ibili nintzen, egunero disputatu genuen. Azken etapan karrera guztian aurrean ibili ginen eta bukaeran 50 inguruko taldea elkartu ginen eta sprintean bigarren sartu nintzen. Pena.

Gaztela eta Leon: Lehenengo etapan ihesaldian sartu nintzen eta alde horretatik ondo, inoiz ez baitakizu ihesaldia iritsiko den edo ez. Baina, beste alde batetik pena pixka bat banuen, etapa bukaeratako esprintak oso politak baitziren niretzat, aldapa dexenterekin eta... ihesalditan sartuta ezin da esprintetan sartu, nekatuta iristen zara. Nahi bezain ondo ez nintzen iritsi Gaztela eta Leonera, rodaje falta pixka batekin, baina esprinten bat disputatzeko ondo nengoen. Baina Navacerrada-eta aurrean pasatzeko...

Miguel Indurain Saria: Ondo sentitu nintzen, kiloren bat gutxiagorekin, Gaztela eta Leoneko rodajearekin... Lezaunen indartsuenek aurrera egin zuten, baina berriz denak elkartu ginen. Bukaeran Puyko igoeran saiatu nintzen, Igor Antonen atzetik atera nintzen, baina oso indartsu pasa gintuzten bukaeran. Bakoitzak bere aukerak jokatu behar ditu eta nirea Puyn behetik jotzea zen. Jende horren artean sentsazio onak izateak asko animatzen du bat. Frantzian bigarren egitea ona da, baina karrera garrantzitsu batean ondo ibiltzeak balore haundia du. Valverdek atakatu eta atzetik indartsu atera nintzenean... konfidantza ematen du horrek.

Aurten etapa asko disputatzea ari zaizu tokatzen, taldeko buruetakoa zara.

Taldeko beteranoetakoak gara eta erantzukizun haundiagoa ematen digute, normala denez. Horrek presio pixka bat ere sortzen du, baina ona da presioa eramaten ikasteko. Zuzendariak ondo ezagutzen gaitu: forma onean dagoenari bukaera arte itxaroteko esaten dio, niri Lizarran bezala, eta hain forman ez dagoenari agian hasieratik saiatzeko.

Asko antzematen da pro-tourreko txirrindulariak sartzen direnean?

Bai, nabaritzen da. Karrera horietan 80 bat txirrindulari daude tiroa bezala dijoazenak eta pro-tourreko txirrindularirik ez dagoen lasterketetan agian 20 inguru. Lasterketa guztietan joaten da oso azkar, baina momentu erabakiorretan izen haundi horiek denak azeleratzen dute, beste erritmo bat da.

Zornotzan igandean ariko zara. Euskal Herriko itzulitik datorren jendea rodajea eginda dator... zein aukera ikusten dituzu?

Lehengo urteetan ez dut korritu eta ez dakit nolakoa den. Lizarrakoak baino portu luzeagoa da Montecalvo eta niretzako agian okerragoa; ez dakit nola joango zaidan. Bestalde, ona du jaitsiera duela eta hori niretzat ona da, baina goian ez duzu asko galdu behar aurrekoekin bat egiteko. Gero ikusiko da zer gertatzen den, baina ilusio haundia daukat. Euskal Herriko itzuliko jendea oso indartsu joaten da proba honetara, ikusi besterik ez dago zein irabazle izan diren azken urteetan: Sastre iaz, Vicioso orain bi urte...

Continental taldeei lasterketa motzagoak egokitzen zaizkizue askotan, aste batetik bestera itxaron beharra lasterketak korritzeko... nola eusten zaio rodajeari, Euskal Herriko Itzulia bezalakoetatik datozen txirrindulariekin lehiatzeko?

Gogor entrenatuta eta karrerak simulatuta. Bihar adibidez, taldeko entrenamendua dugu, etxean egiten ez duzun entrenamendua egiteko, zure burua gehiago esprimitzeko, nahiz eta etxean ere gogor entrenatu. Baina, teorian, aste batean ondo ibiliz gero, hurrengoan ere antzeratsu ibiliko zara.

Hasiera indartsu eman diozu denboraldiari. Aurrera non hartuko duzu parte eta zein helbururekin?

Seguru ez dakit, baina orain karrera dexente daude. Zornotzakoa eta gero Errioxako Itzulia eta Extremadurakoa daude batera eta ni bietako batera joango naiz; jarraian Narancoko igoera eta Asturiasko itzulia, denak jarraian. Ondorenean, berriz, Euskal Bizikleta dator eta uste dut joango naizela. Helburuetako bat hara ondo iristea izango da, etxeko lasterketa baita. Agian nire doaientzat oso gogorra da, baina ondo iritsiz gero ihesaldi batean etapa disputatzea -iaz Aaron taldekideak egin zuen moduan- edo ondo legoke. Beti forma onean egotea ezinezkoa da; inoiz ez dakizu zure gorputzak nola erantzungo duen, baina saiatuko naiz Euskal Bizikletarako ondo egoten.

Aurten Euskalteli lotutako taldea zarete. Aldaketarik nabaritzen?

Bai, orain taldea Euskaltelek gestionatzen du eta nabaritzen da beste gertutasun bat. Korritzeko orduan bakoitza talde bat gara, hori ez da aldatu, baina jarraipena Euskaltelek egiten digu, esfortzu probak...

Zerekin konformatuko zinateke denboraldia bukatu arte?

Karrera bat irabaztearekin konformatuko nintzateke. Iaz postu asko egin nituen, baina ez zitzaidan egokitu irabaztea. Postua egitetik irabaztera salto dezentea dago hala ere. Eta aurten hor nabil, ondo dijoa denboraldia eta ea garaipenen bat erortzen den!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!