Irribarreak eta giro ona nagusi atzoko bilkuran

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 15a, 02:00

Zazpi gazte asanbladek eta 200dik gora gaztek Astigarraga ´hartu` zuten atzo beren musika eta jarduerekin.

Atzo egin ziren Astigarragan I. Gazte Topaketak, Hernanialdeko, Donostialdeko eta Oarsoaldeko Gazte Asanbladak bildu zituztenak. Giro aparta izan zen egun osoan eta antolatzaileek nabarmendu zuten herri bazkarian 170 bat lagun bildu zirela, ´kopuru polita lehen topaketak izateko`, eta arratsaldeko ´joko ero`etan jende gehiago batu zitzaien, herri arteko lehia sanoan parte hartzeko edota parte hartzaileei animatzeko. Zazpi Gazte Asanbladetako kideak bildu ziren Astigarragan: Oiartzun, Hernani, Añorga, Donostiako Alde Zaharra, Loiola, Orereta eta Astigarragaren izenean. Atarrabiako gazte batzuk ere bertan izan ziren malabare tailerra ematen eta gainera, arratsaldeko kalejira suzko malabareekin girotu zuten.

Muralak, bertsolariak, joko eroak...

Goizean mural erakusketa egin zuten Asanblada parte hartzaile batzuk, hain zuzen, Hernanikoak, Astigarragakoak, Añorgakoak eta Alde zaharrekoak. Muraletan taldeko ekintzak eta historia kontatu zuten, argazkiekin. Ondoren, añorgar batek graffiti erraldoi bat egin zuen Gazte Asanbladen Gazte Topaketak zioena. Hau dena, txorizo egosizko pintxo eta nahikoa sagardo dastatzearekin batera. Eguerdian bazkari herrikoia egin zuten eta gero Julen Zelaieta, Aitor Albistur eta Andoni Otamendi bertsolariek bazkalondoa girotu zuten. Arratsaldean joko ezberdinetan lehiatu ziren gazteak J. Barandiaran plazan, umore onez, argazkian ikusten den bezala, eta horren ondoren kalejira umoretsua eta kontzertua ziren izatekoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!