Larunbatean bateletako Gipuzkoako txapelketa. Zer helburu?
Aurten ligarik ez da izan eta estropada bakarra jokatu dugu, beraz erreferentzi haundiegirik ez dugu. Hala ere, Zumaian jokatu genuen estropada horretan denbora gutxiren barruan sartu ginen. Lehen helburua larunbatean ohorezko tandarako sailkatzea izango da eta lana txukun eginez gero, dominetarako aukerak baditugula uste dut. Entrenamenduetan iaz baino hobeto dabil batela, baina konpetizioa beste gauza bat izaten da.
Hemen ez dute arraunlari guztiek parte hartzen.
Ez, bateletakoa arraunlari tipo bat izaten da, 70 kilotik gutxi igotzen dena. Bestela ez dago hori mugitzerik! Gainera, txapelketarako klub bakoitzak batel bakarra atera lezake. Hernanitik Iban Biaga, Xabier Etxabe, Beñat Korta eta Xabier Agirre aterako dira arraunean eta Unai Kijera patroi.
Traineriletan ateratzeko asmorik?
Trainerila ere bakarra aterako dugu: batetik, traineriletan asko ibiliz gero trainerurako blokea asko galtzen delako, baina nagusiki ezintasunagatik, lanagatik-eta batzuk justu ibiliko liratekeelako.
Hala ere, traineruari begira jarrita zaudete dagoeneko.
Bai, erabat. Eta gu bezalaxe beste guztiak. Prestakuntza guztia udarara begira egiten dugu.
Aurten zer moduzko trainerua du Hernanik?
Hasten garen kategoriarako, ACR2rako, nik uste aurrean ibiltzeko txalupa daukagula. Aurten berriz hasten garenez, kategoriarik bajuenean hasi beste erremediorik ez dugu eta ahalegina egin behar dugu kategoriaz igotzeko. Esperantza horrekin gabiltza. Traineruan denetik daukagu: aurretik hemen arraunean ibilitakoak, bat edo beste Urkin nirekin ibilitakoak. Iaz zedituta Trintxerpera joan ginen gu eta aurten haiek atera ez dutenez, bat edo beste handik etorri da, Aitor eta Iñigo Goñi etorri dira. Hasi berriagoak, utzi eta berriz hasitakoak... denetik gaude. Momentu honetan 16 arraunlariko plantila dugu eta 18 izatea nahi genuke.
Hasi bai, baina jarraipenik eman ezin. Zein da zuen helburua, luzerako trainerua osatzea?
Pertsonalki iaz hemen hasi nintzenean helburua jarraipena izango zuen proiektu bat sortzea zen, eta kluba berriz hasi genuen guztiena. Bagenekien zaila izango zela kluba berriz indartzea, ia hutsetik hasi behar zelako, eta traineru konpetitibo bat sortzea oraindik eta zailago. Iaz hasi eta aurten beste pauso bat eman dugu, traineru nahiko polita osatuta, gainera. Horrez gain, harrobian ere egin nahi dugu lana eta saiatu gara aurten ere, baina ez dugu inor bilatu harrobian lan egingo duenik. Txikiekin erraza da, denboraldiak 3 hilabete inguru irauten baititu, baina lehen arraunean ibilitakoekin-eta saiatu gara eta inor ez zaigu animatu. Aurrerantzean oso garrantzitsua da harrobia indartzea eta gu bezala ekonomikoki indartsua ez den klub batentzat guztiz beharrezkoa. Alperrik da aurrean aritzea atzetik erreleborik ez badator, 2-3 urtean desegingo bailitzateke kluba. Arraunean zerbait dakien hernaniarrei nahiz beste edozeini dei egingo nieke esku bat botatzera animatzeko, bai txikiekin nahiz beste edozertan. Eta kirol hau probatu nahi duten guztiek ere ateak zabalik dituzte etorri, ikusi eta hurrengo denboraldirako probatzen hasteko. Badakite non gauden eta asko eskertuko genuke jendea animatzea.
Eta aurtengo helburua zein da? Zerekin konformatuko zinateke?
Igotzea izango da aurtengo helburua eta taldea horretarako mentalizatua dago. Pauso txikiak eman arren, aurrera eman behar ditugu. Askoz erakargarriagoa da ACR1a, eta zer esanik ez ACTa. Urte bat edo bi behean egitea gehiegi da, jendearentzat atraktibo guztia galtzen baitu.
Zein traineru gehiago izango dira zuen taldean?
Iaz ACR2an zeudenak batetik: Algorta, Colindres, Deusto, Donibane, Portugalete, Raspas, Ur Kirolak eta Ibaizabal; eta aurten sartuko garenak bestetik: Arkote, Castreña, Elantxobe-Busturialde, Fortuna eta Hernani. Zalantza Astillerorekin dago, ligan parte hartu nahi badu ACR2an hasi beharra baitu, edo iaz bezala ligaz kanpoko estropadetan bakarrik parte hartu. Kirol mailan gainontzekoentzat txarra litzateke Astillero hastea, lehen postua ziurtatua bailukete eta bigarren edo hirugarren gelditu eta promozioa jokatu beste erremediorik ez baikenuke izango; konpetitibitatea galduko luke ligak. ACR2tik ACR1era traineru bat zuzenean igoko da eta hurrengo biek promozioa jokatuko dute goitik datozenekin. Traineruek zer maila izango duten inkognita bat da, baina Castreña eta Arkote bi talde gogorren bigarren traineruak dira eta asko interesatzen zaie traineru indartsuak izatea, eta ondo prestatutako jendea izango dute.
Berez da zaila traineruak izatea, eta Hernani bezalako herri batean agian gehiago.
Askoz zailagoa: batetik lehorreko kluba delako eta bestetik atzetik inor ez datorrelako. Hala ere, mailaz igoz gero, jendea beti izaten da eta gure ahaleginak hori behar du izan, igotzea, edo borroka horretan ibiltzea.
Horrez gain, dirua ere behar da. Nola zaudete, laguntzailerik eta bai?
Nire lana eskatzea da eta beste batzuk saiatzen dira ateratzen. Badirudi laguntza haundiegirik ez dagoela oraindik. Nik uste dut udaletxeak adibidez gehiago egin lezakeela; gainera, traineru bat herriarentzako den eskaparatearekin. Udaran kirol izarra da arrauna, eta herri bateko trainerua ondo ibiltzea asko da herri batentzat, eta lehorreko herri batentzat are eta gehiago nire ustez. Bestalde, enpresen aldetik ere oraindik laguntza nahiko urriak ditugu, baina ari gara lanean eta ea zerbait lortzen dugun. Bestela jai dago, kirol hau garestia baita: meteriala, traineru bakoitzak antolatu behar duen estropada antolatzea, kanpotik etorri behar duen arraunlaririk baldin bada bidaietako gasolina...
Parte hartzen duen traineru bakoitzak estropada bat antolatzen du. Hernanikoa non eta noiz izango da?
Hil honetan aurkeztu behar da ACTn eta berak onartuko dute edo ez. Guk proposatzen dugu San Joanak inguruan izatea Orion. Onartzen badute hori izango da Hernaniko Klubaren estropada. Zortzi batel Gipuzkoako txapelaren bila, gaur eta bihar Pasaian Bateletako denboraldia inoiz baino motzagoa izan da aurten eta Hernani estropada bakarra jokatuta iritsi da Gipuzkoako Txapelketara. Zortzi taldek hartuko dute parte txapelketan: Hernanik berak, Donostia-Arraun Lagunakek, Fortunak, Itxaspek, Oriok, Koxtapek, Ur Kirolakek eta Zarautzen. Jokatutako estropada bakarretan Oriok irabazi zuen eta seguruenera bera izango da faborito gaur eta bihar ere. Hala ere, borroka estua espero da ohorezko tandarako eta Hernanik hori izango du lehenengo helburua. Ondo betetzen badu berriz, dominaren bat lortzea izan liteke hernaniarren erronka.
Gaur arratsaldean eta bihar goizean Estropada Pasaiako uretan jokatuko da.
Lehenengo jardunaldia gaur arratsaldeko 17:00etan da, baina seniorren aurretik gainerako kategorietakoen lehia izango da. Bihar berriz, goizeko 11:00etan izango da proba.
Hernaniko Trainerua
Arraunlariak:
Xabier Agirre 32 urte, Hernani
Iban Biaga 28 urte, Donostia
Imanol Etxabe 23 urte, Hernani
Joseba Etxabe 24 urte, Hernani
Iñaki Fraile 26 urte, Hernani
Iñigo Goñi 30 urte, Hernani
Aitor Goñi 30 urte, Hernani
Aitor Gorrotxategi 28 urte, Urnieta
Beñat Korta 23 urte, Pasaia
Joseba Labaka 29 urte, Urnieta
Iñaki Nazabal 32 urte, Tolosa
Lander Olano 24 urte, Lasarte
Igor Otero 30 urte, Tolosa
Iban Perez 28 urte, Hernani
David Sainz 21 urte, Donostia
Xabier Zabala 32 urte, Donostia
Patroiak: Unai Kijera 27 urte, Hernani Juanjo Etxarte 27 urte, Hernani