Mikel Apezetxea eta Iñaki Zabala ingeniari hernaniarrek zerbait berezia eta berria daukate esku artean: totemcama. Buruari asko eragin eta hamaika froga egin ondoren, eskalatzeko friend edo cam berri baten garapenaren azkenetan daude. Eskalatzaileek arrokan eskalatzeko erabiltzen duten tresna beste mekanismo mota batekin hornitu dute eta bere tamaina txikitzea, eta malgutasuna eta funtzionamendu hobeagoa lortu dute, besteak beste. Estatu espainiarreko eta AEBtako patentea eskutan dutela, Salt Lake Cityko mendi materialeko feriara joan ziren urtarrilean, bi lagunak eta itzul-tzaile bat. Diotenez, han stand-a jendez gainezka izan zuten hiru egunetan eta hainbat eskaintza ere izan zituzten tresna ekoizteko. Honek asko animatu ditu eta orain, bere kabuz ari dira aztertzen fabrikazio kosteak nola jaitsi eta ea bideragarria den produktua merkaturatzea. Bi lagunek pazientzia haundiarekin azaldu digute totemcam-aren historia.
‘Friend’ edo ‘cam’, eskalatzaileen tresna kuttuna
Zabala eta Apezetxea garatzen ari diren tresna, friend bezala ezagutua gure artean eta cam bezala EEBBan, oso ezaguna da eskalatzaileen artean. Arrokan eskalatzean, fisuretan aseguratzeko erabiltzen duten tresna da. ´Ekipatu gabeko paretetan erabiltzen da friend-a, batez ere granito eta hareharrian; eskalatzaileentzako oso tresna kuttuna da eta baita fabrikatzaileentzat ere. 60 euro inguru balio ditu bakoitzak` dio Apezetxeak. Apezetxeak eta Zabalak egindako friend-a orain arte ezagutzen den txikiena da, ´oso garrantzitsua fisura eta zulo txikietarako`, eta horrez gain, besteak eusten ez duten lekuetan eustea lortzen du, friend erdia ere kargatu daitekeelako, beste friend-ekin lortu ezin daitekeena. Beraiek totemcam izena jarri diote tresnari. Batetik espeken formak Australia aldean aurkitu daitezkeen totemena hartzen duelako, eta Zabalak gehitzen du hitzaren esanahiagatik ere jarri zutela. Totem-a tribuari babesa ematen dion elementoa omen da.
Harrera ona Salt Lake Cityko ferian
Iñaki Zabala, Mikel Apezetxea, eta Jaime Carrera (itzultzaile gisa), hirurak hernaniarrak, Salt Lake Cityn izan ziren (AEB) urtarrilaren 28tik 31ra, mendi materialeko feria batean: ´Mendi materialaren alorrean, hau da garrantzitsuena eta Munichekoa bakarrik da haundiagoa` dio Zabalak. Bertan, hernaniarrek, totemcam-ak zer nolako harrera zuen ezagutu nahi zuten. Feriako lehenengo eremuan egin zieten txokoa hernaniarrei, ´estreinakoz joaten zirenen tokian`. 9 m2-ko stand-a plotter batekin apaindu zuten, beren tresnaren bideo bat jartzearekin batera. ´Gure stand-a fabrikatzaile haundien tokietatik urrun samar zegoen, baina segituan hasi zen jendea gurera azaltzen. Konpainiak, aldizkariak, eskalatzaileak eta abar izan genituen stand-ean eta ilarak ere bai zenbait unetan` dio Zabalak. Bertaratu zitzaizkien konpainien artetik, lau izan ziren lizentzia erosteko prest agertu zirenak; hau, patentea mantenduta, totemcam-a fabrikatzeko baimena ematea litzateke. Hernaniarrek, berriz, nahiago dute itxoitea: ´Ez diegu lizentzia saldu, guk geuk ekoiztu eta merkaturatu nahi dugulako, baina asko animatu gintuen ekoizleen interesa ikusteak`, diote. Zabalak onartzen du harritu egin zuela horrenbesteko ikusmina sortzeak, baina Apezetxeak espero omen zuen: ´Mundu honetan gabiltzanoi marka ezberdinek ateratzen dituzten friend-ek sortzen digute ikusmina, ez, esaterako, mosketoiek. Hortaz, espero nuen, mekanismo berri batekin egindako friend batek jendea biltzea. Gero, txarra edo ona izan daiteke, baina eskalatzaileek interesa dute`. Horren erakusle dira beren web gunean (www.totemcams.com) jaso dituzten 37 herrialdeetako bisitak . Anekdota moduan, Zabalak aipa-tzen du estatubatuarrek ezagutzen dituztela eskalatzaile euskaldunak eta adarra jotzen zietela esanez tresna hau sortu dutela eskalatzaile euskaldunek (Bereziartua, Usobiaga...) ez dakitelako mendian eskalatzen, eta ea friend berriarekin zerbait egiteko gai diren.
Bideragarria ote den aztertzen
Apezetxeak eta Zabalak lanean dihardute totemcam-arekin eta orain bi ildoetara bideratuko dute lana. Batetik, hornitzaileen mundua ezagutu nahi dute, ´kosteak jaitsi behar ditugu merkaturatzeko bideragarria izan dadin`, eta, bestetik, diseinu aldetik material batzuk aldatzea nahi dute, ´azken emaitzak zurrunagoa behar du eta horrez gain, material batzuk aldatzeko asmoa daukagu`. Kostea jaisteko, friend-aren buruko pieza ekoizteko prozesua optimizatu behar dute (aeronautikarako aleazio batekin egina dago), horretarako, mekanizaketa tailer batekin elkarlanean, pieza hori nola egin aztertu behar dugu. Hor egon daiteke produktua bideragarri izateko gakoa` dio Apezetxeak. Kostuak ordaintzeko SPRIk emandako diru-laguntza dute, 2005eko irailetik. Di-ru-laguntza hau instituzioek berrikuntza teknologien oinarrietarako ematen dutenen artean dago eta hori jaso-tzeko hernaniarrek totemcam-a tribunal baten aurrean aurkeztu zuten. 2005ean emandako laguntza aurtengo mar-txoan bukatu zaie eta berriki luzatu egin diete. Diru laguntzak bietako bat liberatzeko aukera eman die urte t’erdiz.
Duela 6 urte hasitako proiektua
Gaur egungo egoerara iristeko lan asko egin dute Apezetxeak eta Zabalak, duela 6 urte tresna berria garatzen hasi zirenetik. Bi ingeniariak xake txapelketa antolatzen zutenean ezagutu zuten elkar eta ´ikasleen ilusioarekin` proiektuari heldu zioten. Mikel eskalatzen ibiltzen zen eta friend bat nola hobetu zitekeen pentsatzen hasi ziren. Sistema berri bat pentsatu zuten, tiroa ardatzari egin beharrean, zuzenean egitea, eta hori izan zen gaur egungo totemcam-aren hazia. Sistema garatu ondoren, tresna bera egiteari ekin zioten, eta aurreneko 4 urteetan 3 prototipo egin zituzten: ´Inguruko lantegietan materiala eta piezak egin eta probatu ditugu; bilatzen genuena lortu arte saiakera ezberdinak egin ditugu` dio Apezetxeak. Friend-a osatzeko material ugari erabili dituzte (altzairua, aluminioa, plastikoa, raketa kablea, ehuna...), eta horietako batzuk Hernanin eta Oiartzunen lortu dituzten arren, beste batzuk AEB, Frantzia eta Valentziatik ekarri behar izan dituzte. Gero, Hernaniko eta Euskal Herri osoko eskalatzaileen kolaborazioa izan dute tresna probatzeko, eta diotenez haiek iritzi ezberdinak eman dizkiete: ´Orokorrean hitz onak jaso ditugu, baina denetatik egon da` dio Apezetxeak.
Igor Irazusta Pitu - Hatzi Klinbers-eko kidea
«Zulo txikietarako da batez ere aproposa ‘totemcam’-a»
Igor Irazusta Pitu Hernaniko Hatzi Klinbers eskalatzaile taldeko kidea da eta 10 bat urte daramazki eskalatzen. Apezetxea eta Zabalaren prototipoa esku artean izan duenetako bat da. Beste ikuspuntu bat ezagutu nahian, Kroni-kak beregana jo du.
Ze iruditu zaizu Totemcama?
Gauza berria iruditu zait. Ez da besteak bezalakoa eta Apezek (Mikel Apezetxea) azaldu zigun nola erabili. Friend honen gauza onena malgutasuna da. Zulo txikietan sartzeko balio du, lau espeka beharrean, bi erabili daitezkeelako. Hori ezin da beste friend-ekin egin. Horrez gain, zailagoa da zuloetan mugitzea, malgua delako. Zuloetarako balio du fisuretarako baino gehiago.
Non probatu duzue?
Bia azpitan probatu dugu, hainbat fisura eta zulotan. Beste friend-ekin konparatzen ibili gara. Ez dugu berarekin eskalatu. Proiektua hasi zutenetik denok ikusi dugu eta hortaz hitz egin izan dugu, lagun artean.
Zer hobetuko zenioke?
Oraindik prototipo bat da, eta badu zer hobetua. Esaterako, erabilgarritasuna; hobeto manejatu daitekeen zerbait lortu behar da.
Egia al da eskalatzaileen tresna kuttuna dela friend-a?
Bai. Eskalatzen zoazenean azkarra delako, batipat. Beste alde batetik, oso garestiak dira eta horregatik zaintzen ditugu ezer baino hobeto.