«Txuriak ezinbestekoa du mediku asistentzia eta espetxealdi guztian zehar ez du jaso medikuen atentziorik»

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 14a, 02:00

Jon Garmendia ‘Txuria’ Navalcarneroko espetxean daukate 2006ko urtarriletik. Osasun arazoak ditu eta iazko abenduan gose greba egin zuen, Euskal Herrira ekarri eta asistentzia egokia jaso ahal izateko.

Askatasuna erakundea Hernaniko preso politikoen egoera azaltzen ari da, bi astean behin. Jon Garmendia Txuriaren egoera ezagutarazi dute gaurko Kronikan.

2005ean atxilotua Donibane Lohitzunen

Jon Garmendia 2005eko abenduaren 7an atxilotu zuten Donibane Lohitzunen frantziar eta espainiar poliziek elkarlanean, eta ondoren Muret-Seyssen espetxeratu zuten. Espetxe honetan bizi baldintza ´oso gogorrak` sufritu zituen: ´beste bi presorekin konpartitu beharreko 15-20 m2-ko ziegan egunean 22 orduz egotera behartu zuten, ikastaroak eta ekitaldiak debekatuta, telefono deirik gabe, 30 minutuko bisitak eta abar. Horrez gain, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeagatik biluztu eta mitard-ean sartu zuten indarrean`.

Euroaginduarekin Navalcarnerora

2006ko urtarrilaren 27an, euroagindua baliatuta, Txuria Soto del Realera eraman zuten eta, han bost hilabete egin eta gero, Navalcarneron sartu zuten, orain arte, ´Euskal Herritik 500 km.-tara dago espetxea eta bidaia bakoitzak 90 euroko kostua du`.

Asistentzia ezagatik gose greba

Txuriak hanka batean dituen arazoak direla medio, mediku asistentzia behar du eta Askatasunak salatzen du beti ukatu izan zaiola asistentzia: ´atentziorik ez du jaso, eta, tratamendu egoki baten ordez, minaren aurkako pastila ziztrin batzuk eman dizkiote espetxealdi osoan zehar`. Hori dela eta, gose greba hasi zuen 2006ko abenduan, Euskal Herrira ekarri eta asistentzia egokia jasotzea eskatzeko: ´gose greba amaitu arren osasun eskubidea urratuta dauka oraindik` adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!