Kirol patronatuak dio prentsa bidez izan duela frontoiko auziaren berri

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 14a, 02:00

Pelota elkartearen kezka bere egin du. ´Inork ez daki frontoia kaltetuta dagoen` dio.

Kronikari bidalitako prentsa ohar batean, Hernaniko Udal Kirol Patronatuak dio Pelota elkarteak kiroldegiko pelotalekuarengatik dituen kezkak bere egiten dituela, baina, ´normalena kirol gaiak aurrena Patronatuan aurkeztea da irtenbide bat bilatzeko`. Diotenez, kasu honen lehen albistea prentsa bidez izan dute. Patronatuak dioenez, pelota elkartea informatuta dago obren egoeraz: ´elkarteko kide bat, taldeko delegatua uste dugu, astero jartzen da Patronatuarekin kontaktuan, eta momenturo azaldu zaio obraren garapena`. Patronatuaren esanetan, ´inork` ez daki zorua kaltetuta dagoen ala ez, eta kaltetuta egonez gero, behar diren neurriak hartuko dituztela gaineratu dute. Berria txapelketa herritik kanpo jokatu izanak dakarren diru galeraz ere keja zen pelota elkartea eta honela erantzun dio Patronatuak: ´suposatzen dugu sarrera kobratuko zutela edo Hernanin bakarrik kobratzen dute sarrera?`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!