Etorkin estrakomunitarioek bozkatzeko eskubidea eskatu dute Udaletxean

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 14a, 02:00

AMHER eta SOS Arrazakeriaren ekimenak etorkin asko bildu zuen.

AMHERek eta SOS Arrazakeriak deituta, Hernanin bizi diren etorkin estrakomunitario talde bat (Europar Batasunez kanpotik etorritakoak) hauteskunde zentsuan sartzeko eskaera bete eta aurkeztu zuten atzo eguerdian udaletxean. AMHEReko langilea den Alexandra Amelianen esanetan, ekimen honekin herrian bizi eta lan egiten duten etorkin estrakomunitarioen eskubideak aldarrikatu nahi dituzte, ´ez baita bidezkoa Europar Batasuneko jatorria ez izateagatik ezin bozkatu ahal izatea`

Herrialde askotako jendea

Eskaera egin zutenen artean herrialde askotako etorkinak zeuden, gaur egun Hernanin bizi direnak guztiak: Maroko, Kuba, Polonia, Peru, Uzbekistan, Errumania, Errusia, Ekuador, Kolonbia eta Argentinakoak.

Falak Tarhauchi eta Alexandra Amelian-Hernanin bizi diren etorkinak

«Zergak ordaintzen ditugu eta bozkatzeko eskubidea nahi dugu»

Falak Tarhauchi marokoarra da, 38 urte ditu eta urtebete daramaki Hernanin bizitzen. Bost ume ditu eta Donostian egiten du lan. Alexandra Amelian errumaniarra da, 21 urte ditu eta urte eta erdi daramaki Hernanin bizitzen. AMHERko langilea da gaur egun.

´Zaila da gauzak aldatzea`

Biak ala biak ´oso gustora` daude herrian, hemen geratu nahi dute bizitzen, eta hauteskundeetako zentsuan sartu nahi dute: ´hemen bizi gara, gure zergak bertakoek bezala ordaintzen ditugu eta iruditzen zaigu eskubide bat urratzen zaigula. Hala ere, badakigu zaila dela gauzak aldatzea, konstituzioa aldatu beharko litzateke eta. Behintzat jendeak ikus dezala ez gaudela ados` diote. Legez, etorkin komunitarioak hauteskunde erroldan egon behar lukete baina Alexandraren izena ez da ageri: ´Errumania Europar Batasuneko kide da; hau ez da bakarrik estrakomunitarioen auzia`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!