«Hemen zuengan esperantza ipinia daukate, hura eta hau lotuak baitaude nolabait, giza-anaitasun baten bidez»

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 15a, 02:00

Angel Olaran hernaniarrak 2006ko Txostena bidali du Hernaniko Kronikara, gutun bidez, hernaniarrei Etiopiako Wukro herrian aurrera daramakien proiektuari buruzko informazioa emateko.

Agur berezi bat bidaltzen dizuegu Wukrotik, ehundaka ume eta gazteren etxeetatik. Etxe hauetan zuengan esperantza ipinia daukate, urrun egonagatik, eta ezezagunak izanagatik, hura eta hau lotuak baitaude nolabait, giza anaitasun baten bidez, anaitasun jainkozko baten bidez, zenbait kasutan. Globalizazioaren alde onetako bat izan liteke anaitasun hau; herri globalaren parte garela jakitea, hain zuzen ere. Tamalez, oso urrun gaude 2000. urtean agindutako gauzetatik, aurreragoko urteetan ere seriotasun politiko eta ekonomiko guztiarekin egindako promesetatik, hau da, umeek ez zutela goserik izango eta aukera izango zutela eskolara joateko eta osasunez eta aterpe baten azpian bizitzeko. Gurasorik gabeko 1.800 haur dauzkagu gurekin eta beste 700 ere bai, amarekin bakarrik bizi direnak, ama alargunduta, bereizita edo ezkongabea dutenak. Kasurik gehienetan, maitasunaz gain, ama horiek ezin diote euren seme-alabei beste ezer askorik eskaini: izan janari, hezkuntza, osasun zerbitzu, edo beste. Eta sufrimendu hori jasanezina da. Pentsatzen dut batek baino gehiagok galdetuko diola bere buruari ea nola daramakigun programa, umeekin egiten ditugun ekintzak, ea jarraipenik egiten ote diogun lanari, jateko lain ba ote daukaten, nola ote dijoazen euren ikasketak, osasuna... 17 emakume ari dira gurekin lanean, eta bakoitzak 7 bat ume/gazteren familiak dauzka bere gain; egunero bisitatzen ditu, etxeko lanetan edo bestetan laguntzeko. Bestalde, emakume horiek umeen erreferentzia bihurtzen ari dira, kasu askotan ama deitzeraino. Esperientzia honek indarra hartzen duenean, emakume gehiago aukeratuko ditugu, familia gehiagoren kargu egin ahal izateko. Emakume horiek egiten dute zubi lana gu eta umeen artean. Emakume horien bitartez dakigu guk umeek egunero egiten dutena, euren bizitzaren nondik norakoak, eta horrela euren etxeetaraino iristen gara. Gizarte laguntzaile batek laguntzen die emakume horiei umeekiko harremanean. Eskola-umeen kasuan, gure laguntza-programan jarraitu ahal izateko, umeek nahitaez joan behar dute eskolara. Eskoletan jarraipen zorrotza egiten zaie ume horiei; sei hileko bakoitzaren bukaeran ume bakoitza azterketen emaitzak ekartzera behartzen da. Ingeles eta matematikako klase partikularrak sortu ditugu 600 haurrentzako. Umeak gaixotzen badira, ospitalera joaten dira eta geuk ordaintzen ditugu gastu guztiak. Denek daukate aterpe bat, argia, ura, eta komuna, behintzat. Joan den ikasturtean, gazte horietako 20 unibertsitatean graduatu ziren, eta beste 15 lanbide heziketan. Aurten gurekin ibilitako 97 ume ari dira unibertsitatean eta 58 lanbide heziketako ikastetxeetan. Zail da garapenari buruz hitz egitea, hezkuntzarik ezean, gosea den kasuan, teilaturik, janaririk edo osasunik ezean. Hankarik sartzeko beldurrik gabe ziurtatzen dut, gurekin ari diren ume/gazte gehienak bizitza kalitate hobea daukatela gurasoekin bizi diren euren lagun gehienek baino. Eta komentario hori apaiz ortodoxoen ahotik entzun ahal izan dugu. Ume horietako asko munduko euren adineko umeak/gazteak bezain arduratsuak dira. Eskolara joateaz gain, ume/gazte horietako gehienek laguntzen dute erosketak egiten, bazkari-afariak prestatzen, etxeko lanak egiten, anai-arreba txikiak zaintzen. ´Kasu honetan, karitatea justizia da` Guraso zaretenok badakizue zer den umeak heztea. Zenbat aldiz, bi seme-alabetako familietan, kezkak izaten dira: ikasi nahiko ote dute? Droga munduan sartuko ote dira? Gauetako irteerak, jatenarekin arazoak, ohetik jaikitzeko, gastu axalekoak... Guk gure buruari galdetzen dioguna da ea ume horiei hilabetean 3 jaboi pastila ematerik izango dugun, 2 eman beharrean. Umezurtzez gain, 215 familia gehiago ere inguratzen zaizkigu, guraso alargunak euren umeekin; denera 920 pertsona. HIESAk kutsatutako 200 pertsona ere baditugu. Eta itsututako, elbarritutako edo zerbaitegatik ezindutako beste 110 pertsona ere bai. Egunero jaten ematen diegu elikadura txukunik ez daukaten 600 haurrei. `Kaleko ume` deritzaien 40 ume dauzkagu eta 130 ikasle ere bai, zuetako askok ezagutzen dituzuenak, Asakomaren zuhaitzak ureztatzera inguratu zineten askok... Batzuetan, dena ez dijoakigu guk nahi genukeen gisan; gazte batzuk iruzur egin digute. Hemen ere pikareskak bere lekua egin du; baina hala ere, gehienak baztertuta bizi dira gure herrixkan. Pertsona batzuentzat, bizitzeko behar-beharrezkoa dena hartzea eskubidea da, ez lapurreta. Besterena den zerbait hartzera norbait behartzen denean, gizarteak beharko luke lapurreta horren errudun, norbait hori baztertu eta gutxietsi izanaren errudun: lapurreta hori zilegizkoa baita egin duen horrentzat, eta krimen bat gizartearentzat. Itxura denez, zuetako askok arazo haundiak dituzue zuen laguntza, zuen dirua nola enpleatzen den ezagutzeko/ebaluatzeko garaian. Eta pentsatzen duzue karitate hutsezko laguntza dela zuek ematen duzuena, ez duela garapen jasangarriarekin zer ikusirik, eta beldurgarria iruditzen zaizue pentsatzea pertsonak independizatzeko laguntzen ez duen sistema bati dirua ematen ari zaretela. Eta balio duen laguntza bakarra terrenoaren gainean laguntzera, eta organizatzera zuzendutako hori dela. Nik uste dut ez dela justua pentsatzea karitate hutsezkoa dela guk euren eskuetan uzten dugun laguntza. Hondamendi baten ondoren jendeari esku bat botatzeari, ulertzen dut laguntza asistentziala deitzea. Laguntza ematen diegu hondamendia gertatu aurreko momentura bueltatu arte. Gure kasuan, ordea, ez gara hondamendi baten biktima diren pertsonez ari (eurentzat gurasoak galtzea hala den arren), baztertuta dauden pertsonez baizik, sartuta dauden zulo sozio-ekonomikotik euren kabuz nekez aterako diren pertsonez, hain zuzen ere. Karitatea justizia da, kasu honetan. Nekez hitz egin liteke bataz, bestean oinarrituta ez bada. Umeei buruz, adinekoei buruz, gaixoei buruz ari garenean ez da bidezkoa karitate hitza erabiltzea. Solidaritatea? Nire ustez, ezta ere. Ekonomia orokorrari begiratzen badiogu, legez dagokiena bueltatzen zaiela esatea bidezkoagoa iruditzen zait. Nekez uler dezaket: hirugarren munduko ume bati gizatasunez desarroilatzen laguntzeak jende askorentzat kutsu degradantea du, eta diru bera lehenengo munduan erabiltzen bada, beste ume batekin, gurasoentzat zorion iturri izan liteke. Gorago esan bezala, ume horietako askok helduek adinako ardura dute. Animatu nahi zintuzketet laguntza horren motibazioa ebaluatzera. Ez gara kontzientziak salbatzen ari, bizitzak baizik. Zure kontzientzia konpondu, baina norbaiti jaten emateari utzi gabe. Zure laguntza gizatasunezkoa izango da, globalizazioaren moralik ezaren aurrean iritzi bat hartzen laguntzen badizu. Elkarren beharra dugu. Zuek hor, guk hemen. Eurek erabaki dezatela laguntza horrek humilatu egiten dituen edo babes keinu bat den beraientzat. Egi-egitan, jaso itzazue gure eskerrik beroenak Humanitatearen zati honi gizatasunez desarroilatzen laguntzeagatik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!