Ezker Abertzaleko agrupazio elektoralei babesa azaldu eta sinadura ematera joateko deia egin dute zenbait herritarrek, atzo, udaletxe aurrean emandako prentsaurrekoan. Besteak beste, Ezker Abertzaleak Hernanin izan dituen lau alkateak izan ziren bertan, BHko plataformako kideekin eta beste zenbait herritarrekin batean.
Sinadura bilketa masiboa
Ezker Abertzalea hauteskundeetan izatea ´ezinbestekoa` dela azpimarratu zuten ´gatazkaren konponbide demokratikoa lortzeko eta prozesuak aurrera jarraitu dezan`, gainerako alderdiek dituzten aukera berdinekin. ´Ezker Abertzaleak ezin badu bere proiektu politikoa aukera berdintasunez defendatu nola da posible gatazkari konponbide demokratiko bat ematea?` galdera luzatu dute. Gogoratu dute hernaniarren gehiengoak ezker abertzalearen aukera egin duela urtetan eta ´eskubide zibil eta politikoen alde sinatzera etortzeko deia` egin diete herritarrei. ´Sinadura bilketa masiboa izatea nahi dugu, eta herri honetan ezker abertzaleak duen babesaren adierazle`, azpimarratu dute. Bestalde, dagoeneko 520 firma bildu dituztela ere eman dute jakitera, atzo bertan 200. Gaur udaletxean izango da firma emateko aukera 11:00etatik 14:30etara.
Zapaterori deia
Bestalde, atzo bilduek dei egin diote Zapateroren Gobernuari ´behingoz ezker abertzalearen kontra egiten ari diren jazarpenari uko egin eta prozesua bultzatzeko lanean hasi daitezen`. Ezker abertzalea prozesua bultzatzeko pauso sendoak egiten ari dela azpimarratu dute Anoetako proposamenarekin, Anaitasunakoarekin eta ASB partidu berria erregistratzearekin, ´Partiduen Legearen baldintza injustoak ere bete dituelarik horretarako`. Azpimarratu dute PSOEk konponbide prozesurako pausuak eman nahi baditu ´pauso sendoak emateko garaia` orain duela.
Herritarren esku
Horrez gain diote ´Euskal Herriko aldaketa politikoa herritarren esku` dagoela eta ´politikarien jarrerak aldatzeko` ezinbestekoa dela herritarren mobilizazioa.