Kontsumo arduratsua hizpide Emausen bidezko merkataritza astean

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 13a, 02:00

Apirilaren 16tik 20ra tailerrak izango dira Biterin, eta 21ean festa antolatu dute Plaza Berrin. Herritarrak sentsibilizatu nahi dira bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsuaren garrantziaz.

Bidezko merkataritza astea antolatu du EMAUS fundazio sozialak datorren asterako Hernanin. Apirilaren 16tik 20ra, hainbat tailer izango dira, haur eta helduak bidezko merkataritzaz eta kontsumo arduratsuaz sentsibilizatzeko helburuarekin. Astea datorren larunbatean bukatuko da, Plaza Berrin egingo duten festarekin. Bertan elikagai ak eta artelanak salduko dituzte eta kultur ekitaldiak ere izango dira.

Astelehenetik ostiralera tailerrak Biterin

Astelehenetik ostiralera sentsibilizazio tailerrak egingo dituzte, goizetan haurrekin eta arratsaldeetan helduekin. Goizetan ikastetxeetako eta ikastoletako Lehen Hezkuntzako (5. eta 6. kurtsoa) eta Bigarren Hezkuntzako gazteak izango dira protagonistak tailerretan. Ordubeteko hiru saiotan, gazteak gai ezberdinak landuko dituzte: gaur egungo publizitatearen azterketa kritikoa, Hegoaldeko herrietako nekazarien egoera, eta kooperazio jolasak. Arratsaldeetan elkarteei, helduentzako hezkuntza zentruei eta, orokorrean, herritarrei eskainiak izango dira ekintzak. Tailerrak, hitzaldiak eta bideoforuma izango dira, orduterdiko eta bi ordu arteko iraupena izango dutenak. Tailerrekin hainbat gai ezagutarazi nahi dizkie EMAUSsek herritarrei: Ipar eta Hegoaldearen arteko merkataritzaren egoera eta nola eragiten dien Hegoaldeko ekoizleei; herrialde azpigaratuetako merkatarientzat bidezko merkataritzak dakarren onura; gure gizartean kontsumo arduratsua egitearen garrantzia; eta gure artean desberdintasun sozialen aurka lan egitearen eragina.

Larunbatean festa Plaza Berrin

Larunbatean, apirilak 21, festa egingo dute Plaza Berrin, 11:00etatik 14:30etara. Bertan, bidezko merkataritzako postuak jartzeaz gain, tailerrak, ipuinak, kontzertua eta abar izango dira. Txokolatadarekin emango diote amaiera

Egitaraua

Apirilak 16, astelehena: -Hegoaldeko nekazarien egoerari buruzko bideoforuma. Biterin, 17:00etatik 18:30etara.

Apirilak 17, asteartea eta 18, asteazkena: -Sukaldaritza ikastaroa, bidezko merkataritzako produktuak erabilita. Biterin, 17:00etatik 19:00etara.

Apirilak 19, osteguna: -Hegoaldeko nekazarien egoerari buruzko bideoforuma. (Helduen hezkuntza taldeentzat bakarrik. Ez da irekia).

Apirilak 20, ostirala: -Gazteentzako kooperazio jolasak. Gazte Txokoan, 17:30etatik 19:00etara.

Apirilak 21, larunbata -Kontsumo arduratsua eta bidezko merkataritzaren aldeko festa. 11:00etatik 14:30etara, Plaza Berrin.

-11:00-14:30: Gazteentzako tailerrak: graffitti solidarioak, kooperazio jolasak, munduko makillajeak eta berrerabilpen tailerrak.

-11:00-14:30: Bidezko merkataritzako elikadura eta artisautza produktuen postua. -11:00: Haurrentzako ipuin kontalaria. -

12:00: Calabaza grande musika taldea eta ondoren DJ sesioa.

-14:00: Txokolatada solidarioa, bidezko merkataritzako kakaoarekin egindakoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!