Benito Lertxundi etzi Astigarragan, herriaren 20garren urteurrena ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 12a, 02:00

22:00etan izango da kontzertua, kiroldegian. Sarrerak salgai daude 3 euroan bertako kultur etxean eta kiroldegian.

Benito Lertxundi kantari oriotarrak kontzertua emango du larunbatean, apirilak 14, Astigarragako kiroldegian. Kontzertu hau Astigarraga Donostiatik banandu zeneko 20garren urteurrena bete dela ospatzeko antolatu du Astigarragako Udalak, beste ekitaldi batzuekin batera.

Disko berrian oinarritua
Lertxundik 40 urtez ikasten egonak izeneko disko berrian oinarrituko du emanaldia. Disko bikoitza da hau eta Lertxundiren 40 urteko ibilbidearen errepasoa egiten du. Gernikan eta Tolosan emandako kontzertuetan grabatu zuten eta bi abesti berri ere badakarzki: Itsasoari begira eta Itoitz. Larunbatean musikari talde zabal baten babesa izango du Lertxundik eta hauek gitarra, bouzoukia, baxua, flauta, xirula, pianoa, biolina, harpa, bioloncelloa, akordeoia eta abarrekin lagunduko dute oriotarraren ahotsa. Sarrerak 3 euroan Kontzerturako sarrerak salgai daude Astigarragako kultur etxean eta kiroldegian, 3 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!