Afrikari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Hernaniko Kooperazio Taldeak

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 12a, 02:00

‘Afrika, dena eman eta zer jaso?’ jardunaldiak apirilaren 17tik 25era izango dira. Saharapeko Afrika da aurten protagonista, eta hainbat hitzaldi izango dira.

datorren asteartean hasiko dira Hernanin Afrika, dena eman eta zer jaso? jardunaldiak, Hernaniko kooperazio taldeak eta AMHER-ek antolatuta. Jardunaldi horietan, apirilaren 25era arte, Saharapeko Afrikako herrien egoera azaleratuko dute. Aurten jardunaldi hauek Afrika beltzari eskaintzea erabaki dute, ´askorik ezagutzen ez den lurraldea delako. Udalera aurkeztutako proiektuetan gutxi landutako lurraldea da eta hutsune hori betetzea da helburua`. Salbuespen modura, Angel Olaran misiolariaren kasua aipatu dute, Wukroko haurrekin lanean ari dena. Jardunaldi hauek Iparralde eta Hegoaldeko herrialdeen arteko diferentziaz herritarrak sentsibilizatzeko progamaren barruan daude.

Hitzaldiak eta dastaketa, jardunaldiak hasteko
Jardunaldiak lau hitzaldik, bideoforumak eta festa gastronomikoak osatzen dituzte. Datorren asteartean, apirilak 17, izango da lehen hitzaldia eta Afrikaren ikuspegi orokorra aztertuko dute Carlos Garcia Casak eta Jeanne Rolandek. Garcia Casak Afrikako ikuspegi orokorra eta estadistikak jakinaraziko ditu eta Rolandek, berriz, genero ikuspegitik aztertuko du Afrikako bizimodua, emakumearen papera aztertuta. Berak, senegaldarra izanik, ondo ezagutzen du gaia. Asteazkenean, apirilak 18, Mundo negro aldizkariko Gerardo Gonzalez izango da Biterin Munduko potentzia nagusiak Afrikako batasunaren aurrean gaiari buruz hizketan. Astea bukatzeko, nazioarteko festa gastronomikoa izango da Plaza Berrin.

‘Afrika plana’ eta kooperazioa eztabaidagai 24an
Apirilaren 24an, Saharapeko Afrikako kooperazio lanak eta Espainiako gobernuak eratutako Afrika plana aztertuko dituzte Biterin. Horretarako Intermon-Oxfam GKEko Nerea Bazterretxe eta Jose Luis Carrasco kooperante kataluniarra izango dira. Apirilaren 25ean izango da azken hitzaldia eta bertan, Agustin Unzurrunzagak eta Abdulaye Gueye Caritaseko abokatu senegaldarrak afrikar baten honantzako bidaia aztertuko dute; Gueyek handik ateratzeko dituzten arrazoiak eta, Unzurrunzagak, behin hona etorrita, aurkitzen dituzten arazoak (bisak lortzeko, ezkontzeko...).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!