Hernaniko pelota elkartea keja azaldu da, kiroldegiko pelotalekuko obren egoera dela eta. Kronikara bidalitako prentsa ohar batean gogoratzen dute badirela bost hilabete baino gehiago obrak hasi zirela eta ´itxuraz behintzat` ez dituztela laster bukatuko. Orain artean pelota arduradunek ezer esan ez badute ere ´atzerapen hau jasanda eta inork ezer esaten ez digun honetan, beste erremediorik gabe` beren egoera salatu dute. Egoera nolakoa den ikusteko zenbait galdera luzatu ditu pelota elkarteak ´ea norbaitek erantzuten dizkigun`:
´1 - Nor da obrak neguan egiteko agindua eman duena?
2 - Abenduko uraldiek izorratu egin dute noski pilotarako zegoen kantxarik onenetakoa. Nor da horren erantzulea?
3 - Obra madarikatu horiek noiz bukatu behar dituzte?
4 - Nork ordainduko du Berria txapelketaren 8 kanporaketetan, finala barne, atera behar genuen dirua?
5 - Nork ordainduko du pilota-eskolako 36 gazterekin lan egiteagatik bere gurasoak ordaintzen dutena? Aurtengo kirol urtean jokatu gabe geldituko dira.
6 - Nork ordainduko ditu asteroko entrenamendu eta partidetarako joan-etorriak? Astigarraga, Aginaga, Loiola eta Urnietan aritzen gara`.
Erantzun azkarra
Hernaniko pelota elkarteak dio orain artekoan pentsatu beharrean, etorkizun hurbila dutela gogoan eta bi galdera luzatu ditu herriarteko txapelketa eta San Joanetako jaialdiarekin lotutakoak eta ´erantzun azkarra behar dutenak`:
- ´Herriarteko txapelketa hil honen bukaeran hasiko da. Non jokatuko ditu Hernanik bere partidak?`
- San Joanetan, ekainaren 27an, jokatuko ote dute profesionalek? 12.000 euro balio ditu jaialdiak eta tratua lehenbailehen egin behar da`.