‘Abertzale Sozialistak’ plataforma hauteskundeetan izan dadin sinadura bilketa hasiko da gaur

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 11a, 02:00

Hernaniko Udaletxean izango da firma bilketa gaurtik apirilaren 20ra, goizeko 11:00etatik 14:30etara. Egunero izango da firma bilketa, igandeetan izan ezik.

Abertzale Sozialistak plataforma hauteskundeetan izateko firma bilketa hasiko da gaur Udaletxean, goizeko 11:00etatik 14:30etara. Herritarrei bi firma emateko dei egin die Ezker abertzaleak: bata Hernaniko Abertzale Sozialistak plataformaren aldekoa eta bestea Gipuzkoako Abertzale Sozialistak plataformaren aldekoa.

Beharrezkoak 500 firma
Berez, Hernanin Abertzale Sozialistak plataforma hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko 500 firma dira beharrezkoak, baina Ezker Abertzaleko kideek Kronikari esan diotenez, ahalik eta firma gehiena bildu nahi dituzte: ´batetik ezker abertzalea hauteskundeetan egotea ahalbidetu dezakeelako horrek, eta horrez gain prozesuari babes haundia emango liokeelako firma bilketa haundi batek`. Bi helburu nagusi horien alde, hernaniarrei firma ematera pasatzeko dei egin diote.

Arratsaldean, notarioa aurrean dela
Goizetan Udaletxean izango da firma bilketa, baina arratsaldez firmatu nahi duenarentzat ere aukera izango da, notarioa aurrean dela. Oraindik ez dituzte ordua eta lekua zehaztu, baina gaur bertan zehaztuko dituzte, Kronikari esandakoaren arabera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!