Larunbatean egingo dira Astigarragan I. Gazte Topaketak, Hernanialdeko, Donostialdeko eta Oarsoaldeko auzo eta herrietako gazte asanbladek antolatuta. Goizetik hasi eta gauera arte hainbat ekitaldi izango dira Astigarragan. 11:00etan hasiko da festa Joseba Barandiaran plazan, ekintza ezberdinekin. 13:00etan ´triki bertso poteo herrikoia` izango da eta 14:30etan, bazkaria eta bertsolariak Joseba Barandiaran plazan. Bazkarirako txartelak salgai daude Goiz Argi, Garin eta Tripontzi tabernetan, 8 euroan. Arratsaldean ´joko eroetan` lehiatzeko aukera izango dute gazteek eta kalejira ere izango da. Eguna bukatzeko, 22:00etan kontzertua izango da frontoian.
´Harremanak sendotzeko`
Gazte asanbladek jaialdi hau antolatu dute ´asanbladen arteko harremanak sendotzeko eta beste asanbladen egoerak ezagutzearren`. Hernanialde, Donostialde eta Oarsoaldeko asanbladak urtarrilean hasi ziren biltzen eta espero dute larunbateko jaialdia ´hasiera puntu bat` besterik ez izatea eta aurrerantzean ekimen desberdinak burutzea.
Hernaniko gazte asanbladak joateko deia
Hernaniko gazte asanbladak Astigarragara joateko deia egin die herritarrei eta horrez gain, datozen asteburuetarako, hainbat ekimen aurkeztu ditu. Apirilaren 21erako mus txapelketa, apirilaren 28an kontzertuak; eta maiatzaren 5erako bertso bazkari bat.
Egitaraua
-Malabareak, graffittiak, mural erakusketak, bideo proiekzioak eta hamaiketakoa.11:00etan, Joseba Barandiaran plazan.
-Triki bertso poteo herrikoia. 13:00etan.
-Bazkaria eta bertsolariak. 14:30etan, J. Barandiaran plazan.
-Gazte Asanbladen arteko jokoak. 16:30etan, J. Barandiaran plazan.
-Kalejira umoretsua. 19:00etan, J. Barandiaran plazatik.
-Kontzertuak: Banda Batxoki, Bisai, Apartheid, Xikinkei eta Kasu! 22:00etan, frontoian.