Zeberio II-Agirrezabala eta Uterga-Urrutia, Baines masterreko finalean

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 10a, 02:00

Joaneko partidua Iruñeako Labriten jokatuko da, datorren larunbatean, eta bueltakoa Galarretan, apirilaren 21ean.

Zeberio II-Agirrezabala eta Uterga-Urrutia izango dira aurtengo Pacharan Baines masterreko bikote finalistak. Datorren asteburuan eta hurrengoan jokatuko da finala, bi partiduetara. Joanekoa Iruñeako Labriten izango da datorren larunbatean, apirilak 14, eta txapeldunak Galarretan ezagutuko ditugu apirilaren 21ean, bueltako partiduan. Biak ala biak joan den asteburuan sailkatu dira finalerako. Zeberio II-Agirrezabalak Matxin III-Lizaso utzi dituzte atzean final aurrekoaetan, eta Uterga-Urrutiak Ezkurra eta Martinez I.

Zeberio II-Agirrezabala, final aurreko parekatuan

Zeberio II-Agirrezabalak final aurreko parekatua izan dute Matxin III-Lizasoren kontra, bi partiduak irabazi arren. Joaneko partiduan, Beran, 40-33 irabazi zuten eta joan den larunbatean tanto bakarragatik gailendu ziren berriro Uharten. Bueltakoa final aurrekoa partidu serio eta parekatua izan zen. Hasieran Lizasok sakearekin eta tantua bukatzen asmatu zuen eta bera eta Matxin III aurretik jarri ziren (8-16). Ondoren, berriz, Zeberio IIk arratxa ona izan zuen eta, Matxin III aurrean gaindituta, beraien alde jarri zuen markagailua. Aurrelari elduaiendarra (22 tantu) eta Lizaso (19 tantu) izan ziren onenak larunbatean Uharten. Final laurdenetan Zeberio II-Agirrezabalak Altuna I eta San Miguel utzi zituzten kanpoan.

Uterga-Urrutia, hobe frontoi motzean

Uterga-Urrutiak Ezkurra-Martinez I, final aurrekoetan, eta Juaristi-Etxeberria III, fainal laurdenetan, utzi dituzte kanpoan txapelketan zehar. Final aurrekoan, nafarrek bi partiduak irabazi dituzte: joanekoa Galarretan (40-36) eta bueltakoa Lekunberrin, herenegun (40-23). Markagailuak erakusten duen bezala, partidu erraza izan zuten Uterga-Urrutiak Lekunberrin. Ezkurra-Martinez I lehiatik kanpora geratu ziren zazpinako berdinketatik aurrera (8-16, 14-24, 20-35 eta 23-40). Migel Mari Urrutia izan zen herenegun onena eta berriro ere agerian utzi zuen frontoi motzean oso ondo moldatzen dela. Partidu osoan ez zion Ezkurrari tantua egiteko aukerarik eman eta berak, berriz, 18 tantu egin zituen (11 saketik). Huts egite bakarra egin zuen saldiastarrak; zabalera egiten saiatu zen sake bat, kanpora joan zitzaiona.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!