Marta Igarrizen eta Jon Garmendiaren aurkako epaiketa atzo hasi zen auzitegi nazionalean

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 10a, 02:00

Asteazkenera bitarte jarraitzea dago aurreikusia. 26na urteko espetxe zigorra eskatzen die fiskalak.

Espainiar auzitegi nazionalean Marta Igarriz, Jon Garmendia Txuria eta beste hiru euskal presoren aurkako epaiketa hasi zen atzo. Igarrizen eta Garmendiaren aurkako eskaera fiskalak honakoak dira, Askatasuna erakundearen esanetan: 10 urteko zigorra ETA-ko partaide izateagatik; 8 urteko zigorra armak izateagatik; eta beste 8 urtekoa lehergailuak izateagatik. Auziak asteazkenera arte jarraitzea dago aurreikusia.

 2005ean atxilotuak

Marta Igarriz eta Jon Garmendia 2005 urtean atxilotu zituzten. Igarriz polizia espainiarrak atxilotu zuen urte horretako apirilean eta bi urte daramazki Soto del Realeko espetxean. Jon Garmendia Txuria 2005eko abenduan atxilotu zuen polizia frantzesak Donibane Lohitzunen eta Muret Seyssen espetxeratu zuten. 2006ko urtarrilean Madrilera ekarri zuten, euroagindua medio. Txuriak gose greba egin zuen iazko abenduan Euskal Herrira ekar zezaten, eskuin hankean dituen gaitz batzuk sendatzeko behar bezalako mediku asistentzi jasotzen ez duela eta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!