GAUR 20 urte beteko dira Astigarraga Donostiatik banandu zela, eta herri izaera berreskuratu zuela. Hori ospatzeko gaur gaueko 22:00etan su festa izango da Astigarragan, Astondoa pirotekniaren eskutik. Apirilaren 13an aldiz, pleno berezia izango da. Bertara gonbidatu dituzten hogei urte hauetan alkate eta zinegotzi izandako guztiak.
1987ko apirilaren 9an
Astigarraga, 1987ko apirilaren 9an Donostiatik bananduta, berriro ere udalerri izatera pasa zen. Astigarragako Udalaren web orrian agertzen da Astigarragako historia. Bertako erreferentzien arabera, 1941ean lotu zitzaion Astigarraga Donostiari, auzo bezala. Estatuko Aldizkari Ofizialean agertutako 1943ko urriaren 17ko erabakiak baimendu zuen hori. Urte bereko urriaren 29an ekintza sinboliko bat burutu zen bi herrien arteko mugen artean. Frankoren diktadura bukatu zenean, Astigarragako herriak etorkizuna erabakitzeko aukera berreskuratu zuen. 1984ko abenduaren 30ean egin zen erreferenduma eta 1941garren urtea baino lehen zuen egoerara bueltatu nahi zutela adierazi zuten herritarrek. Argia aldizkaritik ateratako datuen arabera, Astigarragan garai hartan 3.200 biztanle bizi ziren. Botoa, 2.250 pertsonek eman ahal izan zuten eta horien %54ak banatzearen alde bozkatu zuen (1.335 boto). Erabaki hau onartu egin zuen Donostiako Udalak eta Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek berretsi zuten, 1987ko apirilaren 8an. 1987ko ekainaren 30ean, Astigarragako Udala osatu zen.