Durango eta Gernikako bonbardaketei buruzko dokumentalak apirilean

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 9a, 02:00

KARBONERA etxeak bere aurreneko urtemuga ospatu zuen joan den apirilaren 4an. Karbonerako asanbladak eskerrak eman nahi izan ditu urtean zehar ´gurekin batera parte hartu edota laguntza eman duzuen guztioi`. Joan den apirilaren 4an urtebetetzeko jaia ospatu zuten eta, bertan parte hartu zutenei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete: ´Atsegin haundiz ospatu dugu etxe honen okupazioaren urteurrena. Hogeita hamabost lagun bildu gara urtebetetzea elkarrekin ospatzeko. Giro ezin hobean afaldu eta dantzatu dugu`.

Apirilean 3 emanaldi
Apirileko programazioan hiru proiekzio eskainiko dira Karboneran. Hirurak azaroan antolatu zuten zikloaren jarraipen eta bukaera dira, errepresio frankistari buruzko zikloarena, alegia. Apirileko emanaldien artean azpimarratzekoa da apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketari buruzko dokumentalaren aurretik, Karboneran ekoiztutako dokumetal bat jarriko dutela: Gerrako bi istorio. Azpimarratzekoa da baita ere Durangoko bonbardaketari buruzko dokumental aurkeztu berria jarriko dutela hilaren 19an.

EGITARAUA
Apirilak  14, larunbata (Errepublikaren Eguna).
12:00etan, Karbonerako proiekziogunean.
-’La columna de los ocho mil’.  Angel Hernandez, Antonio Navarro, Fernando Ramos, Francisco Freire. 2005. 66 min.
Sinopsia: Errepublikazaleen eskuetan zeuden Jerez de la Frontera eta Frenegal del Sierra eskualdeak ezik, Badajozko mendebalde osoa indar frankistek hartuta zuten, 1936ko iraila erdialdean. Han bildu ziren heriotzari ihesi ezkerreko alderdi eta erakundeekin lotura zuten milaka lagun. 100 kilometroko ibilaldia antolatu zuten arerioaren lurraldean Azuaga barruti errepublikanora bidean.

Apirilak  19, osteguna
20:00etan, Karbonerako proiekziogunean.
-’Martxoak 31. Durango, isildutako bonbardaketa’. 
Javier Gutiérrez, Jonan Hernández. 2007. 51 min.
Sinopsia: 1937ko martxoaren 31n italiar hegazkinek aurreneko bonbak bota zituztenean biztanleek gerra psikologikorako paperak izango zirela uste zuten. Lekukoen oroitzapenekin eta ikerlarien datuekin hornituta, egun hartan gertatukoa berreraikitzen da, bonbardaketaren unean meza laguntzaile lanetan ari zen mutil baten ahotik.

Apirilak  26, osteguna (Bonbardaketaren 70. urteurrena).
20:00etan, Karbonerako proiekziogunean.
-’Gerrako bi istorio’. 
Karbofilm. 2007. 20 min.
Sinopsia: Marcial Jose Laskibar hernaniarra Gernika bonbardatu zuten egunean hegazkin alemaniarrengandik ihesi ibili zen eta azaroko zikloan gogora ekarritakoaren haritik bideo labur bat osatu da. Azaroko ziklora etorri zen beste gizon baten kantuaren inguruan ere zenbait irudi landu dira.
-’Gernikako bonbardaketa: giza aztarna’
Gernika gogoratuz. 1998. 45 min.
Sinopsia: Bizirik iraun zutenen oroitzapenak, lekukoek ahazturatik atera nahi izan dituzte hurrengo belaunaldiei igortzeko. Durangokoa eta Gernikakoa hiri biztanleriaren lehenengo eraso bereizgabeak izan ziren. Bonba jaurtiketez gain, hegazkinak behera jaisten ziren jendea gertutik ametrailatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!