Urumea Bailara Bizirik plataformak bat egin du errausketaren kontra aurkeztutako errekurtsoarekin

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 9a, 02:00

URUMEA Bailara Bizirik plataformak bat egin du Donostiako Udalak hartutako erabakiaren kontra jarritako errekurtsoarekin. Donostiako Udalak erabaki zuen erraustegi planta Zubietan jartzea, eta erabaki horren aurka kultura, politika eta kirol alorreko pertsona ezagunek sinatuta helegitea aurkeztu dute, Errausketaren kontrako plataformen koordinadorak sustatuta. Errekurtsoan eskatzen da Donostiako Udalaren erabakia bertan behera uztea; Diputazioaren eskumen eza eta eta prozeduraren urraketa onartu dezatela; eta plan sektorial bat idaztea, kolektiboen eta hiritarren parte hartzearekin.

´Iraunkorra ez eta osasunarentzat kaltegarria`
Koordinadoratik azaldu dutenez, ´errausketa ez da inolaz ere konponbidea, iraunkorra ez delako eta osasunarentzat kaltegarria delako`. Horrekin batera azaldu dute orain arte administraziotik proposatu diren urrats guztiek atzeraezin bihurtzen dutela errausketa sistema. Zaborrak tratatzeko alternatibak badaudela ere gogorarazi dute: ´gaur egun badaude beste aukera batzuk, Europatik hobesten direnak`. Horien artean aipatu dituzte: zaborraren sorkuntza minimizatzea, birziklatzea maximizatzea, materia organikoa konpostatzea eta zabortegien beharra minimizatzea. Gaur egun sortzen den zaborraren %70 inguru joaten da zabortegira. Aipatutako alternatibak martxan jarrita %25etik beheragoko mailetara pasako litzakeela azaldu dute. Guzti hau martxan jartzeko borondate politikoa behar dela diote: ´Kontura gaitezen zein den erabakia, edo ondo biltzen inbertitu, edo geroa hipotekatu eta arazo ugari ekarriko duten azpiegitura erraldoietan inbertitu. Horra hor auzia`.

Eskumenik eza
Koordinadoratik azaldu dute hitzarmena errekurritzeko arrazoi juridikoak dituztela, ´izan ere Diputazioak, Donostiako Udalak, eta Mankomunitateek ez dute eskumenik, ez dira nor, Gipuzkoako hondakinen kudeaketa definitzeko. Lege guztiek Eusko Jaurlaritzaren eskumena aurreikusten dute`. Donostiako Udalak hartutako erabakia nulua ere badela dio Koordinadorak, ´errausketaren puntua ez zegoen gai ordenean. Donostiako Udalak eragotzi egin die zinegotziei eta herritarrei gai publikoetan parte hartzeko eskubidea`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!