Mari Karmen arrain-saltzailea

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 8a, 02:00

ETXEBERRI auzoan arrandegia duen Mari Karmen jatorriz nafarra dugu: Artaxonakoa; hala ere, jaioterrian baino urte dezente gehiago du hemen eta arras hernaniartua. Nahiko lan badu arrandegiari zabalik eusten; izan ere, inguruan lehia gogorra du, batez ere, saltoki handiek egiten diotena. Gaur egun establezimendu txikiek duten patu gogorra! Mendialdearen eta Erribera arteko mugan dagoen herri horretako Fernando Maiora ikertzaileak berriki Euskera en Artajona-Artaxonan euskaraz liburuan agertu bezala, han XIX. mende hasieran euskaraz mintzatzen ziren asko, eta Bonaparte printzeak mapa egin zuen garaian (1863) euskaldun elebidun mordoska bazen, baina noski, Mari Karmenen haurtzaro gerra ondokoan ez zen euskararen arrastorik, debekatzeko ez bazen, eta Mari Karmenek berak, egun euskaraz moldatzeko gauza ez bada ere, atzera berriz lortu du arrazoi politiko-kulturalek etenarazitako euskararen katebegi etena osatzea, bere hiru seme-alabak euskaldun osoak baitira. Parte hartu du oraindik orain Buruntzaldeko udaletako euskara zerbitzuek antolaturiko Arraina euskaraz eska ezazu! kanpainan, lehenxeago arrainei arrandegietan euskal izenen txartelak jartzeko kanpainan bezala. Hitz aspertu bat egin dugu berarekin, hark arraina prestatu bitartean, eta arrainen euskal izenak aurrean ditugula.

E.- Azkenean jende asko animatu al da arrain errezeta bat euskaraz idatzi eta zozketan parte hartzera?
M.K.- Bai, batzuk neuk animatu ditut. Zure aurretik zegoen emakume hori, hirurogeita hamasei bat urte inguruan ibiliko da, Ulia mendiko baserri batekoa da, euskaldun-euskalduna eta esaten zidan berak ezin zuenez euskaraz idatzi, irakurri bai baina idatzi ez, semeari esango ziola, baina semeak ez zuela astirik eta ez zekiela egin ahalko zion, eta esan nion neuk lagunduko niola, eta halaxe egin diot. Esaten zidan lagundu nionez, tokatzen bazitzaion erdibana egin beharko genuela. Ez zion irizten, berak idatzi gabe tokatuz gero, saria osorik zegokionik. Gero, ez zaio tokatu!

E.- Atentzioa eman dit nola gauza pozgarritzat kontatu duen bere bilobek euskaraz ongi irakurtzen dutela. Konturatu zara nola falangea aipatu duen, eskolan ez zietela uzten eta, zapalkuntzaren oroimen samina! Garbi dago hori gaztelar baten kasuan ez zela hizpide izango.
M.K.- Bai, seguru eskolara joan zenean ez zekiela gazteleraz. Nik ere banuen lagun bat Astigarragako baserri batekoa, baserrikoa zela esaten lotsatzen zena. Beti Astigarragakoa zela esaten zuen. Konplexua zuen.

E.- Imanol Larretxea hil berriak esaten zidan okerrenak horretan Hernaniko kaleko euskaldunak berak izan direla: zenbat burla eta iseka egiten zieten inguruko baserritarrei eskolan gazteleraz gaizki egiteagatik: casero burro!
eta gogorragoak...

M.K.- Arrain izenak euskara hutsez jarri nituenean, kexatu zitzaizkidan batzuk: gogorrenak jarri zitzaizkidanak euskaldunak izan ziren. Ordurarte gaztelera hutsez zeudelako kexu ez ziren euskaldunak, euskara hutsez jartzean batek edo bestek esan zidaten ea nolatan jarri nituen euskaraz soilik, bietan jartzeko, askok ez zutela ulertuko, gazteleraz soilik zeudenean ahorik zabaldu ez zutenak. Oraingo kanpainan ere, batzuek galdetu didate: zergatik euskaraz? Esan diet horretarako dela, eskola-umeek eta ikastoletan ikasten dutena praktikan jartzeko. Badakizu, arraina erostera gehienak helduak joaten dira, eta asko ez dira gauza euskaraz idazteko. Baina neuk ematen nien liburuxka eta esaten nien laguntza horrekin samurra zela.

E.- Beste pasadizorik edo ba al duzu horren inguruan?
M.K.- Beste batek galdetu zidan saria zein zen: esan nionean 50 euro zirela arrainetan, esan zidan gogaitu keinua eginik: ba..., diru horregatik, ez idazu eman!

E.- Euskararen erabilera bultzatzeko era honetako kanpainek ba al dute eraginik? M.K.- Bai, badute. Gauza handietara ohituak gaude, eta gauza txikiagoak, beharbada, ez ditugu hain aintzakotzat hartzen, baina izan badute, eta jakina da, gauza txikietatik hasita egiten direla handiak. Nik esango banu euskalduna ez naizela, seme-alabek ez lidakete gehiago aurpegira begiratuko! Ordaindu eta agurtu ondoan, neure artean, hau behintzat nafarrak eta euskaldunak biga zertan izanik ez duten adibide xumea bezain polita dugu: nafarrak eta euskaldunak bat, Antso VI.a Jakituna nafar erregeak Artaxona sortu zuenean bezala, euskara lingua navarrorum zela aldarrikatu zuen errege haren ondorengo alaba leiala. Jimenojuriotarrak ere ez al ditugu ba artaxonarrak! Denok nafarrak eta euskaldunak, behiala bezala, nafarrak politikoki eta euskaldunak mintzairaz!

Pako Sudupe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!